Aitor Egurrola Mundakako alkate barriak «erantzunkizunez, ohorez eta ilusio handiz» hartu zuen joan den zapatuan kargua. Unai Rementeria alkate ohiaren eskuetatik jaso zuen alkate makila eta makila eskuetan zuela, «Mundakarentzat eta mundakarrontzat lan egingo duela» nabarmendu zuen.

«Niretzako ohore bat izango da Mundakarron alkate izatea» esan zuen Egurrolak. Horrela, Mundakaren alde eta Mundakagatik lan egingo duela aipatu zuen. Zapatuan egin zuten ez ohiko osoko bilkuran izendatu zuten alkate barria eta hainbat izan ziren Mundakako udaletxeko Areto Nagusira hurbildu ziren herritarrak alkate barriari babesa emoteko.
Bereziki Mundakarentzat eta mundakarrontzat lan egingo duela nabarmendu zuen alkate barriak, partidismoa alde batera utzita. «Orain arte egin dugun moduan Bildurekin elkarlanean jarraitu gura dut».
Egurrola gernikarra da eta 42 urte ditu. 13 urte daramatza Mundakan bizitzen. Mundakako zinegotzia izan da azken legegintzaldian eta Ogasun saileko arduraduna.