
Bermeoren eta Lagun Onaken arteko partida
Gazi-gozoa izan da asteburuko futbol jadunaldia Hirugarren Mailako Busturialdeko futbol taldeentzat: Bermeok irabazi egin du, baina Gernikak galdu. Hala, play-off postuetatik kanpo geratu dira gernikarrak. Bermeotarrek, bestalde, hirugarren postuari eutsi diote, laugarren sailkatuari aldea ateraz.
Bermeok 2-1 hartu zuen menpean Lagun Onak, baina majo sufritu behar izan zuen. Bi jokalari gutxiagorekin amaitu zuen partida, eta azken minutuan sartu zuen Izpizuak garaipenaren gola. Zapatukoa partida zoroa izan zen. Lehenengo zatian bertokoen atezain titularrak penaltia egin zuen, eta epaileak kanporatu egin zuen.
Haren ordez, Jon Gametxo jubenila zelairatu zen. Gazteak penaltia gelditu zuen, eta ezinbestekoa izan zen taldeak garaipena lortzeko.
Hamaika partida irabazita eta zazpi bardinduta, Bermeo sailkapen nagusiko hirugarren postuan dago 40 puntugaz. Arenas bosgarren sailkatua bi puntura dute kostaldekoek, eta horrenbestez, ez dute erlaxatzeko denborarik izango. Izan be, datorren asteburuan galduta, play-off postuetatik kanpo geratzeko arriskua dute. Laudio liderra, bestalde, lau puntura dute.
Gernika play-off postuetatik kanpo
Gernikak, bestalde, 2-0 galdu zuen Arenasen kontra. Bertokoek lehen lau sailkatuen artean egonkortzeko aukera zuten, baina huts egin zuten Getxon. Jarraian bost partida irabazi ostean, Arenasen kontra amaitu da bertokoen bolada ona.
Hamar partida irabazita eta sei bardinduta, sailkapeneko seigarren lekuan dago bertoko taldea, 36 puntugaz. Play-off postuak hiru puntura dituzte. Hain zuzen, 39 puntu ditu Zallak.