
Pasealekua zarratu dute ezbeharrak ekiditeko
Atzo 10:00ak aldera, mendi magal bat Eako portuko pasealekura jausi zen. Pasealekua harri handiz eta lurrez beteta dago. Hala, udalak bidea zarratzea erabaki du, ezbeharrak ekidite aldera. Uda sasoian jendez beteta egoten da pasealekua, baina egunotan jende gutxi ibili da bertatik, eguraldi txarra egin baitu.
Udaleko behargin batek azaldu duenez, “suerte itzela” izan dute, momentu horretan ez baitzegoen oinezkorik pasealekuan. Antza danez, azken egunotako euriteek eragin dute lurjausia. “Urak pitzadura bat egin du lurrazalean, eta lur bolumen handi batek behera egin du” jakinarazi dute udaletik.
Udal beharginak dioenez, ez dakite noiz kenduko duten lurra. Haren berbetan, segurtasun neurrik guztiak zeuden ondo, baina eroritako lur bolumena handiegia izan da. Harriak eta lurra ingurutik kentzeko lanak egin aurretik, gainera, ikerketa sakona egin beharko dute adituek. Lehen azterketaren ostean, lur gehiago kendu beharko dutela ondorioztatu dute teknikariek. Bestela, mendi magala barriro erortzeko arriskua egongo da.