
Futbolaz gain, beste hainbat kirol eta jarduera be badaudela gogorarazteko prest daude Bermeoko bi gazte. Unai Eroa Telletxeak eta Iker Oleaga Mujikak sortu dute Urdaibaikiroleroak. Eskalada, rappela, kayaka, BTTa, xendazaletasuna, espeleologia, arkuzko tiroa, patinajea eta slacklinea moduko kirolak jendearekin elkarbanatzeko prest daude gazte bermeotarrak, eta kirol horiek irakasteko gogo handia dutela diote: “Gure zaletasunak jendeari irakasteko prest gaude”. Tituludunak direla adierazi dute, gainera, aisialdiko monitoretza eta goi mailako kirol jarduera fisikoak ikasitakoak baitira. Lehen sorospen ikastaroak be eginak dituzte. Urdaibaiko Biosfera Erreserbako hainbat txoko ezagutzeko aukera “paregabea” be eskaintzen dutela diote; izan be, irakatsi ditzaketen kiroletako asko Urdaibain bertan egin daitezke.
Joan den ekainean hasi ziren lanean eta, momentura arte, batez be, umeekin lan egin dutela adierazi dute. “Udalekuak antolatuta emon genuen geure burua ezagutzera, eta asko izan ez baziren be, talde polita osatu genuen”, diote. Iazko udan, gainera, turismora be jo zuten.
Nahiz eta umeekin zein nagusiekin lan egin gura duten, uda ostean umeei zuzendutako hainbat ekitaldi antolatu dituztela jakinarazi dute. “Herrian zeuden hutsuneak behatu ostean, hortik jarraitzeko erabakia hartu genuen, baina, halanda be, denetara zabalik gaude”.
Besteak beste, ikasturtea hastearekin batera, umeentzako eskolaz kanpoko jarduerak antolatzeko prest agertu ziren. “5 eta 15 urte bitartekoei zuzendutako taldea osatzeko asmoa genuen. Gurekin, guk eskaintzen ditugun kirolak praktikatzeko aukera eskaintzen genuen”. Umeak ikastetxeetatik edota autobusetik batzeko prest be bazeuden. Halanda be, talderik ez zutela osatu adierazi dute. “Sortu barriak ginen eta, normala denez, gurasoek ez dituzte seme-alabak edonorekin uzten. Izena emon zuten gutxiak eskalada taldearen barruan sartu genituen”.
Eskalada ikastaroak

Momentu honetan hastapeneko eskalada ikastaroak emoten dabiltza. Barikuetan eta domeketan egiteko aukera dago ikastaro hori, momentuz, eta Bermeoko Areneko Kiroldegian batzen dira. “Urte guztirako talde bat finkatzea izango litzateke gure helburua, Gernika-Lumon egiten duten moduan”, diote. Nahiz eta horretarako adinik finkatu ez duten, batez be, umeek emoten dutela izena diote.
Herriko ikastetxeekin be lan egiten dute Bermeoko bi gazteek. Hain zuzen, multikirolak antolatzeko lanetan laguntzen dute, zeintzuk jarduera egingo dituzten, noiz… “Hiru ikastetxeen arteko koordinazioa egiten dugu bi lagunen artean”.
Turismoarekin
Herria edo eskualdea bisitatzen datozenei begira be zuzendu gura dituzte jarduerak. “Internet bitartez izan dezakete gure barri edo, bestela, inguruko landa-etxeetan eta hoteletan be gure informazioa uzten gabiltza”. Orain arte turistek gehien eskatu dutena Urdaibaiko itsasadarretik kayakean ibilbide bat egitea izan da. “Txirrinduak, patinak eta kayakak alokatzeko aukera be eskaintzen diegu, eta gura duten lekura eroateaz be arduratzen gara”.
Bestalde, ezkondu aurreko agurrak prestatzeko gertu agertu dira Urdaibaikiroleroak, “baina ez jaiari dagokion zatia. Baten batzuetan eskalada edota espeleologia jarduerak antolatzeaz arduratu gara”. Eskatzekotan umeentzako jaiak be prestatuko lituzketela diote, “jokoak egin eta merienda barruan edo, bakoitzaren gustura”.
Udarako, uretako eskia
Dagoeneko Aste Santura begira ipini da Urdaibaikiroleroak, eta Gabonetan legez, umeen talde bat osatu gura dute. “Bi asteko oporrak dituztenez, aukera polita izango litzateke campus antzeko bat sortzeko. Halanda be, oraindik ezin dugu zehaztu zer den egingo duguna, horretan lanean gabiltzalako”.
Datorren udara begira zerbait barria eskaini gura dutela eta, uretako eskia jardueren barruan sartzea ari dira pentsatzen, eta “erantzun ona izan dezakeela” uste dute. Bestalde, buruan duten helburuetako bat Bermeon rokodromo bat egitea izango litzateke, baina jakin badakite epe luzerako proiektua dela. “Horrelakorik ez dago, eta uste dugu jendea nahiko interesatua dagoela. Areneko kiroldegikoa ez da oso handia; Mundakakoa udara begira ondo dago, baina neguan hotz egiten du umeekin egoteko”.

Orain arte egindako lanaren balorazio positiboa egiten dute Urdaibaikiroleroek. “Gero eta jende gehiagok ezagutzen gaitu, eta badakite zein den gure lan egiteko modua. Zailena gurasoek fonfiantza hartzea izaten da, eta gitxika bada be, bagoaz hori lortzen”.