Citrus txapelketa jokatuko dute Erkiagak eta Beaskoetxeak
Gaur eta bihar jokatuko da Orlandoko (AEB) Citrus txapelketa entzutetsua. Bertan jokatuko dute Aritz Erkiaga ispastertarrak eta Diego Beaskoetxea gernikarrak. Jai Alaiaren Superbowl izenez ere ezaguna da txapelketa eta Ameriketako Estatu Batuetako pilotalekuetako ordezkaririk onenek jokatzen dute bertan.
Aurten, 16 pilotari aukeratu ditu antolakuntzak, tartean, Erkiaga eta Beaskoetxea. Punta-puntako txapelketa da Citrusa eta oso bikote sendoak dira parte hartuko duten zortzi bikote zestalariak. Giro aldetik be, txapelketa ikusgarria da Orlandokoa.
Bertokoak, faborito
Diego Beaskoetxea gernikarrak Gotzon Enbil atzelari zumaiarragaz jokatuko du Citrus txapelketa. Bi horiek Daniako Jai Alai enpresa ordezkatuko dute.
Aipatutako bikotea binakako titulua irabazteko faboritoen artean dago. Aurtengoan dauka Beaskoetxeak Orlandoko titulua eskuratzeko orain arteko aukerarik onena.
Aritz Erkiaga ispastertarrak, ostera, Eric Irastorzagaz jokatuko du. Horiek Miami Jai Alai ordezkatuko dute.
Ondo moldatzen da bikotea eta horiek be faborito dira txapelketan.