
Barandika eta Martinez
ELKARRIZKETAREN AURRERAPENA. BIHAR OSORIK EGUNKARIAN. Aitziber Barandika (1975; Gernika-Lumo) eta Aitor Martinez (1985; Arratzu) 2011ko urtarrilaren 27ko greba orokorraren harira auzipetu zituzten, beste hamasei lagunekin batera. Pikete talde baten joateagatik auzipetu zituzten, eta fiskaltzak ia lau urteko kartzela zigorra eta 6.000 euroko isuna eskatu zuen, auzipetu bakoitzarentzat. Urtarrilaren 10ean epaitu zituzten, eta herenegun absolbitu zituzten Busturialdeko hemezortzi bizilagunak. Piketea osatu zuten guztien izenean, “pozarren” azaldu dira Barandika eta Martinez. Eskualdeko herritarren babes erakustaldiak eskertu dituzte.
Ia bi urte pasa dira auzipetu zintuztenetik. Pozik epaiarekin?
Barandika: Pozik gaude epaiarekin, baina poztasuna ez da erabatekoa. Gai honen atzean egon den guztia hartu behar dugu kontuan, ia bi urte egin baititugu fartsa honen menpe.
Zigor eskaeragaz zer gertatu behar zen jakin barik egon zarete. Zelan sentitu zarete?
Martinez: Akusazio kolektibo bat izatea, eta ez akusazio partikular bat, pisu handia kendu digu gainetik. Denbora tarte honetan, halanda be, danetarik sentitu dugu: urduritasuna, lasaitasuna, ezjakintasuna…
Zein izan da prozesuak izan duen ondoriorik txarrena?
Barandika: Langileen eskubideen kontrako salaketa inpunitate osoz erabili ahal izatea da okerrana. Salaketa zehatz barik hemezortzi lagun auzipetzea ez da bidezkoa. Inoiz ez digute jakinarazi zein izan den gure delitua. Legearen irakurketa jakin bat eginez, pertsona talde bat motibo barik auzipetzeko aukera izan du fiskaltzak. Hala, bi urte egin ditugu kartzelara zergatik joan gaitezken jakin barik, eta leporatzen digutena jakin barik. Kalera ateratzeko eskubidea mugatu gura izan dute epaiketagaz.
Zergatik sortu du hainbesteko iskanbila zuen kasuak?
Barandika: Oso argi geratu da atzean interes politikoak zeudela. Lehen falta bat zena, delitu bihurtu dute orain. Euskal Herriko politika arloan be askotan gertatu da bardina. Kalera irtetzeko arrazoi sendoak ditugunean, sistemak salto kualitatibo bat emoten du, interes politikoen mesedetan. Zorritxarrez, gainera, ez da azken erasoa izango.
[…]