Aitor Egurrola izango da Mundakako alkate barria
Mundakako alkatetza Aitor Egurrolaren eskuetan geratuko da zapatutik aurrera. Atzo iluntzean egindako ez ohiko bilkuran orain arte alkate izandako Unai Rementeriak uko egin zion alkate eta zinegotzi karguei; izan be, Bizkaiko Foru Aldundiko Lehendakaritzako Diputatua eta bozeramalea izango da eta lan horiek bateraezinak dira.
Datorren zapatuan, 12:00etarako deitu duten ez ohiko osoko bilkuran hartuko du alkate kargua orain arte bigarren alkate izandako Aitor Egurrolak. Halanda be, zapatura bitartean Arantza Lezamiz zinegotziak egingo ditu jarduneko alkatearen lanak. Bestalde, Soraya Sagarduik beteko du udalean hutsik geratzen den akta.
Bizkaiko Foru Aldundiko Lehendakaritza Diputatu izendatu dute Unai Rementeria, eta kargu hori bateraezina da alkate karguagaz. Alkatetza kargua «harrotasunez» jardun duela azaldu du Rementeriak uko egiteko idazkian, «mundakarron zerbitzura eta herriaren onurarako ahaleginean aritu naiz. Azken finean ez dago norberaren herriko alkate izateaz beste ohorerik», gaineratuta.
Bestalde, Mundakako Udalean oposizioan dagoen Bilduk be bi zinegotzi barri izendatu beharko ditu; Nora Aspiunza eta Peio Landa zinegotziek be beraien karguei uko egin zien atzoko osoko bilkuran.