Otsailerako eta martxorako, eski bidaia bi aukeran
Gernika-Lumoko eta Bermeoko Kirol Patronatuen eskutik, eski bidai bi egiteko aukera izango dute Busturialdeko herritarrek. Otsailean eta martxoan egingo dituzte bidaiok, bata Saint Lary-ra eta bestea Formigalera.
Otsailaren 1ean abiatuko dira Saint Laryra eta bi egun beranduago, otsailaren 3an, bueltan izango dira. 18:30ean irtengo da autobusa Bermeoko autobus geltokitik, eta Gernika-Lumoko instituto ondoko autobus geltokitik, ostera, 19:00etan pasatuko da. Autobusez bost orduko bidaia egin ostean ailegatuko dira Saint Laryra, eta bertako Cami Real hotelean hartuko dute ostatu 6 lagunentzako apartamentuan.
Gernika-Lumoko zein Bermeoko kiroldegiean abonatutakoek 145 euro ordaindu beharko dute, eta gainontzekoek 159 euro. Aipatu dutenez, prezioaren barruan izango dira autobusa, egun biko forfaita, ostatua, tasak eta eski asegurua.
Formigalera joateko aukera be izango du herritarrak, baina horretarako, denbora luzeagoan itxaron beharko du; izan be, martxoaren 1ean abiatuko dira bertarantz. Kasu honetan be, 18:30ean irtengo da autobusa Bermeotik, eta Gernika-Lumotik 19:00etan igaroko da; aurretik lau orduko bidaia izango dute egiteke. Buelta, ostera, martxoaren 3an egingo dute. Bidai horretarako 165 euro ordaindu beharko dituzte abonatuek, eta gainontzekoek 179 euro. Prezio hori ordainduta, ostatua (gau bi, gosari bi eta afari bat apartamentuetan), autobusa, bi egunerako forfaita eta eski asegurua izango dute.
Aipatu bidaietan parte hartu nahi duenak hilaren 28a baino lehen emon beharko du izena Gernika-Lumoko zein Bermeoko kiroldegian.