Gernika play-off postuetan sartu da lehenengo biderrez 2012-2013 denboraldian
Gernika Futbol Taldea play-off postuetan sartu da lehenengo biderrez 2012-2013 denboraldian. Hain zuzen, Pasaiari 5-2 irabazita sartu da play-offetan bertoko taldea. Gernikarrek denboraldi hasiera kaxkarra egin zuten, baina azkenaldian gorantz egin dute sailkapenean. Asteburuan, esaterako, bosgarren partida irabazi zuten jarraian, laugarren postura arte salto eginez.
Arenasek asteburuko neurketa galdu ostean sartu dira play-offetan bertokoak. Arenas hirugarren sailkatua zen hogeigarren jardunaldia jokatu aurretik, baina, joan den asteburuan huts egin zuen Portugaleteren zelain. Hala, gernikarrek hutsegitea aprobetxatu zuten.
Play-offetan sartu arren, Gernika-Lumokoek ez dute erlaxatzeko denborarik izango datozen jardunaldietan, Zalla bosgarren sailkatuagaz bardinduta baitaude.
Gernika play offetan sartuta, Busturialdeko Hirugarren Mailako futbol taldeentzat aste pozgarria izango da. Izan be, Bermeo eta Gernika lehen lau sailkatuen artean daude lehenengo biderrez.
Bermeok be gora egin du sailkapenean, Arenasek galdu ostean. Hain zuzen, bermeotarrek 2-4 irabazi zuten Santutxuren kontra. Kostaldekoek 37 puntu dituzte sailkapen orokorrean, eta bi puntura dute Leioa bigarren sailkatua. Atzetik, bestalde, Gernika eta Zalla puntu bakarrera dituzte.