
Abadiñarrak txapela buruan dutela
Saio guztiak irabazita, Abadiñoko sokatira taldeak nagusitasun ikaragarria erakutsi zuen Muruetan jokatutako 680 kiloko Euskal Herriko txapelketan. Abadiñarrak txapelketa irabazteko faborito nagusiak ziren, eta aurreikuspenak bete zituzten urteko lehen txapela jantzita. Muruetako sokatira taldeak, bestalde, maila edarra emon zuen, lehenengo parte hartzean. Laugarren postuan sailkatu ziren, tiraldietan “uste baino hobeto” moldatu ostean.
Javier Ondarza Muruetako alkateak azaldu duenez, “pozarren” daude laugarren sailkatuta. Dioenez, giro aparta egon zen herriko frontoian, eta bertoko taldeak maila oso ona emon zuen.
Muruetarrak, gainera, ezustekoa emotekotan egon ziren, podiumean sartzeko aukera izan baitzuten. Halanda be, Zuraideren (Lapurdi) kontrako tiraldia erabakiorra galdu zuten, eta horrenbestez, laugarren postuagaz konformatu behar izan zuten. Jakinarazi dutenez, kalitate handiko taldeen kontra lehiatu behar izan zuten, baina primeran ibili ziren.

Muruetarrak tiraldietako baten
Ondarzaren berbetan, bestalde, Euskal Herriko txapelketa Muruetan jokatzea, onugarria izango da Busturialdeko txapelketa indartzeko. “Murueta laugarren sailkatuta, gainontzeko taldeek txapelketa garrantzitsu bat dugula ikusiko dute, eta lanean jarraitzeko animoak emongo ditu” deritzo Ondarzak.
Alkateak dioenez, eskualdean zaletasun handia dago, eta Euskal Herriko Txapelketa lehenengo biderrez Busturialdean jokatzea, beste pizgarri bat izango da, zaletasunak bizirik jarrai dezan. Hala, aurton be, Busturialdeko txapelketak zortzi parte hartzaile izatea espero du.
Ondarzaren ustez, Busturialdeko txapelketak maila ona du, eta talde guztietako tiralariak hartuz gero, eskualdeko selekzio indartsu bat egingo litzetekela dio. Hala, Euskal Herriko txapelketetan sailkapenaren buruan egongo litzateke taldea, Muruetako alkatearen ustez.
Emakumezkoen artean, bestalde, bardinketagaz amaitu zen 540 kiloko Euskal Herriko Txapelketaren lehen tiraldia. Emakumezkoetan hiru taldek bakarrik emon dute izena, eta horrenbestez, hiru saioko ligaxka baten bitartez erabakiko da txapelduna.
Momentuz, Badaiotz (Araba) eta Ibarra lehenengo postuan bardinduta daude, Muruetako saioaren ostean. Lehen bi sailkatuek erraz hartu zuten menpean Bizindar talde arabarra, baina euren arteko tiraldiak bardinketagaz amaitu ziren.
Gizonezkoen sailkapena
- Abadiño: 18 puntu
- Ibarra (Gipuzkoa): 15 pntu
- Zuraide (Lapurdi): 12 puntu
- Murueta: 9 puntu
- Sokarri (Galdakao): 6 puntu
- Iparralde (Urduliz): 3 puntu
- Seis Concellos (Asturias): 0 puntu