Amaia Artetxeren zutabea: Beti azala kentzen, kentzen, kentzen
Etapak izaten dira, edo zikloak, gura dozuen moduan, baina, tarteka jendea gorrotatzen amaitzen dot. Jendea orokorrean eta pertsona batzuk partikularrean. Ezin izaten dot saihestu eta eskatu ezkero arrazoiak emoten deustiezela argumentatuko neuke. Izan be, zelako afiziñoa dauka jendeak edo zelako endorfina klasea eragiten dio jendeari bestion bizimoduan sartzeak? Eurenarekin nahikoa ez baleukie moduan…! Beti bestiok egiten doguna komentatu eta ondiño amorru gehiago emoten deustana: iritzia emon. Danari buruzko iritzirik be ez da euki behar gero?! Ala porai…
Azken urteotan frogatu dut badagoela gizaki mota bat ez dakiena gai baten inguruan berba egiten ez bada beste pertsona batzuk kritikatu barik. Ezin dute. Ez dira gai ez badituzte hirugarren pertsonak aipatzen. Ez dira oso komentario positiboak izaten jakina; baina, hau egiten duten pertsonek badute gaitasun berezi bat esandakoak esan eta gero “baina oso majoa da edo pertsona ona da” batekin amaitzeko. Eta… galdera: Zer uste dabe, bada, hori esanda aurreko danak balioa galtzen dauala edo? Nik uste ez dirala jabetzen kritikoi batzuk dirala, konbentzituta nago zuzenena egiten ari direla pentsatzen dutela; nolabaiteko “justizieroak” balira… Baina, keba… ez gaituzte engainatzen.
Orain dala gitxi jakin dot itsosupetakue “liada” baten inguruan. Ze hori beste kontu bat da! Batez be herri honetan, gure Bermion, istoriak deformatzeko eta asmatzeko dagoen erraztasuna. Ave Marie! Batek baino gehiagok Pulitzer saria mereziko leuke! Zelan da? “Roma con Santiago”? Ba berori… Penasena da jendeak berba egiteari emoten deutsan bitartean beste pertsona batzuk kaltetu egiten dirala, euren baimenik barik eurena bakarrik dan bizitzan sartzen diralako eta hori ez da bidezkoa.
Eta bai, neuk be kritikatzen dot, ez naz Kalkutako ama Teresa; horretaz ez gara inor libratzen baina moduak eta moduak dauz. Edo ez? Ulertu banozu ados egongo zara orduan: bakotxak egin daiala gure dauana! Pozik bizi!