Talo tailerra eta dastaketa egingo dute Madariaga Dorretxean
Busturian kokatuta dagoen Euskadiko Biodibertsitate Zentroak taloak egiten ikasteko tailerra eta horien dastaketa antolatu du hilaren 20rako. Hain zuzen be, sei izango dira eskainiko dituzten tailerrak eta bakoitza ordu erdikoa izango dela zehaztu dute.
«Bertoko abeltzainek eta nekazariek egindako lanaren garrantzia» erakusteko jardunaldiak direla azaldu dute Biodibertsitate Zentroko arduradunek. 30 minuturo tailer bat egongo da, lehenengoa 11:00etan izango da eta azkena 13:30ean. Talde bakoitzean, 20 lagunek parte har dezakete. Taloa zelan egiten den ikasiko dute parte hartzaileek eta hori ez ezik, dastatzeko aukera be izango dute.
Urtarrilaren 20an eskainiko dituzten talo tailerretan parte hartu gura duten horiek derrigorrez aurretiaz izena emon beharko dute 94-687 04 02 telefono zenbakira deituta edota info@torremadariaga.org helbide elektronikora mezu bat bidalita. Parte hartzaileek zein txandatan parte hartu gura duten aukeratu ahalko dutela azaldu dute. Parte hartzaile bakoitzak 3 euro ordaindu beharko ditu.