
2011ko urtarrilaren 27ko greba orokorretik ia bi urte igaro direnean, hamazortzi lagun epaitu dituzte gaur, Bilboko Auzitegian. Hain zuzen, informazioa banatzen pikete lanetan ari ziren lagun horietako bakoitzarentzat hiru urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra eta 6.000 euroko isuna eskatzen zuen Fiskaltzak, eta zigorra mantentzeko eskaera egin du gaurko epaiketan. Alabaina, auzipetuen aurkako froga nahikorik ez dagoela eta, epaileak egotzitako delituak onartu ezean koakzio delitua aintzat hartzea eskatu du, kasu horretan, zigorra zortzi hilabetekoa izango litzatekeelarik. Defentsak absoluzioa eskatu du, akusaziorik ez dagoelako eta ezer frogatutzat eman ez delako. Gaurko saioa amaituta, epaiaren zain dira orain auzipetuak.
San Juan kaleko supermerkatu batek jarritako salaketagatik identifikatu eta inputatu zituzten hamazortzi lagunak, baina salaketa hori, gerora, kendu egin zutela jakinarazi dute auzipetuek. Horregatik, inolako zehaztasunik barik polizia autonomikoak lehenengo eta fiskalak gero delitu bat bere gradurik gorenean inputatzea salatu dute. Salaketa ipini zuen beharginak be deklaratu du gaur, testigu gisa, baina ez da gai izan hamazortzi lagunetako bat be identifikatzeko. Esan duenez, enpresak aginduta jarri zuen salaketa, aseguruarengandik autoaren matxuraren konponketa kobratu ahal izateko.
Busturialdeko 26 talde eta eragileren babesa dute auzipetuek, baita 2011ko urtarrilaren 27an greba orokorrera deitu zituzten ELA, LAB, EHNE, STEE-EILAS eta HIRU sindikatuena be. Hain zuzen, “kriminalizazio prozesu iraunkor bat” pairatzen ari direla salatu dute sindikatu horiek. Jarrera judizial horren bidez, “erakundeak eta kapitalak euren joko arauetatik kanpo daudenei zigor bikoitza” ezartzen diela salatu du Arantza Fernandez de Garaialdek, EILASeko kideak. Alde batetik, arau kolektiboen bidez eskubideak zapaltzen direla salatu du sindikatu guztien izenean; eta, bestetik, inposatutakoaren aurka protesta egiten duenari zigor “indibidual, penal edo ekonomikoa, eta zenbait kasutan biak” ezartzea gaitzetsi du. Gaur hasiko den prozesu judizialarekin batera, sindikatuek uste dute gizartea “desmotibatzea” nahi dutela boterean daudenek.
Asteon, auzipetuei elkartasuna adierazteko eta grebarako zein pikete lanetan aritzeko eskubidea defendatzeko protesta egin dute adierazpenaren sinatzaileek, Gernika-Lumon. Gaur bertan be hainbat lagun bildu dira elkarretaratzean, Bilboko epaitegiaren aurrean,
Greba piketea eskubidea da, ez delitua! lelopean.
EH Bilduk greba eskubidea aldarrikatu eta elkartasuna adierazi die gaur epaitutako hamazortzi lagunei. Koalizioak legez besteko proposamena aurkeztu du, Eusko Legebiltzarrak lan eskubideak defendatzeagatik auzipetuei babesa eman diezaien. Gehiegikeria izugarritzat jo du fiskalak eskatutako kartzela zigorra.