
Muruetako taldeak be parte hartuko du saioan
Muruetak Euskal Herriko sokatira txapelketa hartuko du datorren domekan 11:30ean hasita. Gizonezkoek goma gaineko 680 kiloko modalitatea jokatuko dute eta Muruetako sokatira taldeak be parte hartuko du.
Profesionalekin lehiatzea zer den jakin ahal izango du Muruetako sokatira taldeak domekan. Lehenengo aldiz jokatuko dute Euskal Herriko txapelketan eta Busturialdeak lehenengoz hartuko du aurton txapelketa hori be. Jabier Ondarza Muruetako alkateak adierazi duenez, «txapelketara aurkeztekoak ginen eta federazioa txapelketa egiteko leku baten bila zegoen, beraz, gure herria aurkeztu genuen. Nahiz eta Busturialdean, zaletuen mailako sokatira txapelketak egiten ditugun, berton dagoen zaletasuna kontuan izanik egoki ikusi zuten txapelketa Muruetan egitea»
Euskal Herriko txapelketara aurkezteko esperientzia «probatu» gura dutela dio Ondarzak, «ez dakigunez taldearen etorkizuna zelakoa izango den eta hiru urtetan Busturialdeko herri arteko txapelketak irabazi ondoren, orain zen momentua».
Animatzera joateko deia
Ipar Euskal Herriko, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako taldeak izango dira ordezkatuta eta Asturiastik (Espainia) be talde bat gonbidatu dute, guztira, zazpi talde izango dira lehian. Gizonezkoen taldeak parte hartzeaz gain, emakumeen parte hartzea be izango da; izan be, 540 kiloko modalitatearen lehenengo kanporaketa Muruetan jokatuko dute hiru taldek.
Muruetarentzat bai parte hartzea zein txapelketa antolatzea «saritxo» bat izan dela esan du alkateak. Busturialdeko herrritarrei domekan Muruetako frontoira hurbiltzeko deia egin gura die Ondarzak, «nahiz eta badakigun sokatira taldeetan ibili diren horiek etorriko direla». Sokatira profesionalari «herriko giroa» eskainiko diotela dio, hau da, «zaleen berotasuna».