Boluntarioen topagunea izango da BBKren Goiko Plazako lokala
Aurrerantzean gune sozial modura erabiliko da Arana Goiri tar Sabinen enparantzan dagoen BBKren lokala. Helburua «borondatezko lana egiten duten talde, pertsona eta herri mugimenduen topagune erreferentziala izatea» dela adierazi du Josu Unanue Bermeoko alkateordeak. Halanda be, gori ez zela udalaren …
Aurrerantzean gune sozial modura erabiliko da Arana Goiri tar Sabinen enparantzan dagoen BBKren lokala. Helburua «borondatezko lana egiten duten talde, pertsona eta herri mugimenduen topagune erreferentziala izatea» dela adierazi du Josu Unanue Bermeoko alkateordeak. Halanda be, gori ez zela udalaren hasierako asmoa agertarazi du; izan be, udalak zahartze aktiboa bultzatu gura zuen lokal horretan.
Sei hilabete negoziatzen ibili ostean, Bermeoko Udalak eta BBK-k Goiko Plazako lokalaren erabilerarako lankidetza hitzarmena sinatu dute. Iazko ekainean ateak zarratu eta gero, erretirodunentzako gunea izandakoa BBK-k udalari uzten dio errentarik ordaindu beharrik gabe. Horrez gain, hamar urterako erabiltzeko eskubidea be emoten dio. Azaldu dutenez, hitzarmena, gainera, bost urteko epean automatikoki luzatuko da.
Pisu bitan banatuta, 542 metro kuadroko azalera du lokalak, «ezin genuen aukera hori galdu», dio Unanuek. Gune soziala izango da aurrerantzean BBKren lokal hori, «boluntarioentzako gune erreferente bihurtzeko lan» egingo dutela nabarmendu dute. Jakinarazi dutenez, «Bermeon beti izan dira boluntarioek osatutariko elkarte eta lantaldeak, modu libre, eta besteen alde eskuzabalean lan egiteko prest daudenak. Horiek, urteetan zehar, hainbat ekintza burutu dituzte eta sarritan, erakundeek arazo bati erantzuna eman orduko, beraiek eman diote».
Halanda be, talde horiek inoiz ez dutela batzeko gunerik izan gogorarazi du Bermeoko alkateordeak, «eta topagune erreferentzial bat behar dutela» uste dute. «Garrantzitsua da gizarte-mugimenduek eta gizarte arloko erakundeek gune sozial bat izatea». Modu horretan, «elkartasunetik abiatuta, etorkizunean eraldaketa lor dezakegu», adierazi dute.
Lokal horren helburuak hurrengoak izango dira: aukera pertsonal libreak bultzatzea, konpromiso egonkorra eta parte-hartzailea lortzea, boluntario antolatuak lortzea, herriko elkarteak indartzea, eta gune soziala, gune erreferentziala izatea. Gune horrek horretarako aukera «paregabea» eskaintzen duela uste dute, horregatik Bermeoko Udalak «herriaren alde lan egiteko» aprobetxatu gura du. Ideia hori Bolunta Bizkaiko boluntariotza eta parte-hartzerako agentziaren laguntzarekin garata dutela zehaztu du Unanuek.
Parte hartze prozesutik, gainera, boluntarioen talde bat sortu barri dela azaldu du Unanuek, «eta horiek hor izango dute antolatzeko modua». Horiez gain, beste edozeinentzako lekua be dagoela nabarmendu du.
Borondatezko lana egin gura duten horientzako gune erreferentziala izango bada be, BBK-k zahartze aktiborako eskaintzen dituen ikastaroek be lokal horretan jarraituko dutela jakinarazi dute, lau ikastaro dira, hain zuzen be.