40 artistaren 'Josechu el Vasco'
Joaquin Muntañola 2012ko martxoan zendu bazen be, oraindik asko dira berataz oroi direnak. Aski ezaguna zen Muntañola, Josechu el Vasco pertsonaia bezalakoak asmatuta. Hil eta urtebetera, oraindik be gogoan dute artista. Oroitzapen horien isla, omenaldia egin diote, berrogei artistaren eskutik, erakusketa eran.
Umorezko komikiak egiten zituen Muntañolak, eta, horrez gain, idazlea be bazen. Haren seme Jordi Muntañolak azaldu lez, hogei urte zituela, gaixotasun batek jota ohean egon zen urte eta erdian, eta, horren ondorioz edo horri esker ikasi zuen marrazten.
TBO komiki-aldizkarian argitaratutako Josechu el Vasco Muntañolaren lanik ezagunena hautatuta, 40 artista grafikok pertsonaiaren bertsioak egin dituzte; Busturialdeko Rober Garayk eta Danel Garayk eta Lea-Artibaiko Kaiet Bengoetxeak eta Beñat Eizagirrek, kasuan kasu. Gernika-Lumoko kultur etxean ikus daiteke erakusketa, hilaren 24era arte.