
2011ko urtarrilaren 27ko greba orokorraren harira auzipetutako pikete informatiboari elkartasuna adierazteko asmoagaz, 150 lagun inguru batu ziren atzo Gernika-Lumoko Mekurio iturriaren ondoan. Grebako piketea eskubidea da, ez delitua! lemapean, Fiskaltzaren jarrera salatu zuten bildutakoek. Izan be, pikete informatiboaren kontrako neurriak hartzea greba eskubidearen kontra joatea dela deritzote.
Greba orokorrean informazioa banatzen zebiltzan hamazortzi lagunak Bilboko auzitegian epaituko dituzte bihar. Hain zuzen, euretako bakoitzarentzat hiru urte eta bederatzi hileko kartzela zigorra eta 6.000 euroko isuna eskatzen du Fiskaltzak, delitua bere gradurik gorenean inputatuz. Auzipetuek Busturialdeko 26 talde eta eragileren babesa lortu dute; tartean, 2011. urteko urtarrilaren 27an greba orokorrera deitu zuten ELA, LAB, EHNE, STEE-EILAS eta HIRU sindikatuena.