“Jarrera aldaketa” eskatzen dio Bermeoko udal gobernuak EAJri
Bermeoko Udal Gobernuak Eusko Alderdi Jeltzaleko (EAJ) zenbait zinegotziren jarrera «arduragabea» salatu du eta urte barrirako «jarrera aldaketa» izan dezaten eskatu diote.
Udalaren baliabideak «interes alderdikoiak bilatzen duen ekintza baterako» erabili izana salatu dute gaur goizean egindako prentsaurreko batean Idurre …
Bermeoko Udal Gobernuak Eusko Alderdi Jeltzaleko (EAJ) zenbait zinegotziren jarrera «arduragabea» salatu du eta urte barrirako «jarrera aldaketa» izan dezaten eskatu diote.
Udalaren baliabideak «interes alderdikoiak bilatzen duen ekintza baterako» erabili izana salatu dute gaur goizean egindako prentsaurreko batean Idurre Bideguren alkateak eta Josu Unanue alkateordeak. «Gabonetan EAJ taldeak eskutitz demagogiko bat bidali die Gizarte Ongizateko Udal Patronatuko langile guztiei interes alderdikoiekin eta elektoralekin», azaldu dute. Horien arabera, eskutitzean, Patronatu horretakorako udalak aurreikusitako aurrekontuekin EAJ bat ez datorrela esaten zioten langileei eta horien proposamenak plazaratu be. Izan be, EAJk Gizarte Ongizaterako aportazioa 200.000 eurotan handitzea proposatzen du. Modu horretan, EAJren arabera, «alde batetik, langileria arloko arazoak ekidiko litzatekez, eta bestetik, horren garrantzitsuak diran zerbitzuak indartuko litzatekez, etxez etxeko zerbitzua, adibidez».
Udal gobernuari kritika egitea «zilegia» dela onartzen du udal gobernuak, baina kritikak «eraikitzaileak» beharko liratekeela iritzita, «arazoei irtenbideak ematea bilatu behar dute eta horretarako ditugun foroak erabili». Horietan, barriz, EAJk ez duela proposamenik agertzen adierazi dute Bidegurenek eta Unanuek, baina, era berean, «komunikabideak eta etikoak ez diren beste bitarteko batzuk erabiltzen dituzte kritika suntsitzaileak egiteko», diote.
Kasu honetan, EAJk egin duen «gauza bakarra Gizarte Ongizate Batzorde Zuzentzailearen deialdia ez zuela jaso publikoki salatzea izan dela» nabarmendu dute, «eta bazuten haren barri», gaineratu. Baina hori «EAJren jokabide maltzurraren beste adibide bat» dela azaldu dute prentsaurrekoan.
Udal Gobernuari eraso eginda ez dutela herria eraikitzen laguntzen gogorarazi gura diote EAJri, «kontrakoa lortu baizik, herritarrak suntsitzea eta elkarren aurka jartzea». Halanda be, EAJren jarduteko modua «gai guztietan horrelakoa dela» deritzote. «BBKrena den lokalarekin be, bardina gertatu da. Lokal hori zahartze aktiborako gune bihurtzeko helburuan lagundu beharrean, dena nahasten saiatu dira».
Horrelako jarrerak «alde batera uzteko» eskaera egiten diote EAJri, hau da, «ardurarekin eta erantzukizunarekin jokatzea». Udal Gobernua eskua luzatzeko prest dagoela agertu dute, «ezinbestekoa da, bizi dugun garai gogorretan, guztiok batera lan egitea gure herria aurrera ateratzeko eta ongizatea lortzeko».