Sahararen aldeko IX. Euskal Karabana martxan da jada
Beste behin be, Piztu itxaropena lelopean, Sahararen aldeko Euskal Karabana abiarazi dute bai Busturialdean. Aurtengoa Karabanaren bederatzigarren urtea da. Kanpainaren helburua «herri sahararrera ahalik eta elikagai kopuru gehien eroatea da, errefuxiatuen kanpamenduetan duten elikagai falta asebetetzekotan». Horregatik, bildutakoa Aljeriako kanpamenduetara bidaliko dute.
Bermeoko Sahararen Aldeko Besalde elkartea arduratzen da Busturialdeko zenbait herritan janaria biltzeaz. Urtero legez, besteak beste, arroza, egoskariak, pasta, azukrea, atuna, sardinak oliotan eta konpresak batuko dituzte Busturialdean hilaren 19a bitartean.
Ohiko lekuetan egingo dute bilketa: dendetan, supermerkatuetan eta ikastetxeetan. Bestalde, Besaldetik azaldu legez, Bermeoko San Frantzisko elizako lokaletan be jasoko dituzte produktuok. 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura bitartean eta zapatuetan, goizez bakarrik.
Urtero Busturialdean 6.000 kilo inguru batzen direla jakinarazi dute Besaldekoek; iaz, 6.308 kilo batu zituzten, hain zuzen.