Gabonetan, beharrizana dutenei emoteko janaria batzen aritu dira Busturialdean. Hain zuzen be, Ean, Bedaroan, Natxituan eta Gernika-Lumoko Batzokian egin dute bilketa, eta, azaldu dutenez, «oso ondo» joan da.
Ean zein Gernika-Lumon, batez be, arroza, pasta, egoskariak, olioa, azukrea, kontserbak, txokolatea, esnea… batu dituzte. Batutako kopuru zehatza zein den ez dakiten arren, herri bietan asko batu dela diote; batzokian, esaterako, erosketetarako hiru orga eta erdi bete dituzte. «Jendea oso sentsibilizatuta dagoela argi geratu da», azaldu dute Eako udaletik. Herri horretan batutakoa, orain, udalak elikagaien bankuari emongo dio, hala, Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatera janari bila jotzen duten pertsonek jaso dezaten.

Gernika-Lumoko bilketa, ostera, Batzokiko arduradunak abiarazi du. 21 egunez janaria bildu ostean, Gurutze Gorrikoei emon die Busturialdean beharrizana dutenen artean banatzeko. Datorren urtean be, egitasmoa martxan jartzeko asmoa erakutsi dute.