
Herri kirol zaleek edarto pasatzeko aukera izango dute datozen egunetan. Oilargane elkarteak antolatuta, Erregenetako asto proba txapelketa jokatuko dute hamabost parte hartzailek, Eleizalde auzoko probalekuan.
Aurten 46. biderrez antolatu dute asto proba lehia, eta urtero bezala, probalekuan giro edarra egongo dela deritzote Oilarganekoek. Mendatako Erregenetako asto proba saioa eskualdeko zitarik garrantzitsuenetako bat da, eta inguruko zaleek ez dute hutsik egiten.
Aurten, gainera, txapelketa berezia izango da herri kirol zaleentzat, Enrike Aranas albiztarra omenduko baitute. Aranas, duela urtebete inguru hil zen, eta zaleen babesa jasotzea gura dute Oilarganekoek. Gizon probetan eta asto probetan parte hartzen zuen, eta probalekuan agur esatea ederra izango dela deritzote.
“Zaletasun handia zuen, eta behar bezala agurtu gura dugu”, diote antolatzaileek. Bestalde, bigarren berezitasun bat be izango du aurtengo txapelketak, parte hartzaileek 595 kiloko harria estreinatuko baitute. “Apur bat pisutxuagoa da, baina eskerrak asto onak datozela”, nabarmendu dute elkarteko kideek. Azken bi urteetan Maiora elkarteak irabazi du asto proba lehia, nagusitasun handia erakutsiz.
Proba egunak
Gaur, 21:00etan. Maiora Elkartea (Maume; Muxika), Iñaki Erleaga (Errigoiti), eta Landaluze (Leioa).
Bihar, 18:00etan. Bittorio Zelaia (Eibar; Gipuzkoa), Asier Garate (Azkoiti; Gipuzkoa), Karmelo Ibarluzea (Etxebarria), eta Irazola (Mallabia).
Etzi, 21:00etan. Aitor de la Concepcion (Erandio), Egia (Mañu; Bermeo), eta Asier Alegria (Bermeo).
Urtarrilaren 8an, 21:00etan. Julen Uranga (Eibar; Gipuzkoa), Saatxibar (Etxebarria), Iker Legarreta (Bermeo), eta Ugalde (Mañu; Bermeo).