
Josune Renteria (1967, Bermeo) eta Marisa Anduiza (1954, Bermeo) dira Bermeon dauden saregin bakarrak. Ontziak desagertzearekin batera sareginak be desagertu direla diote.
Ondarroako sareginek gune estali bat dute lan egiteko. Bermeorako eskaerarik egin al da?
Josune Renteria: Bizkaian, orokorrean, ontziteria asko murriztu da; eta sareak dituztenen kasuan, are gehiago. Orduan, motorrekin batera, gure lanbidea be galtzen doa, eta gero eta saregin gutxiago daude leku danetan; kate bat da. Bizkaian, saregin gutxi gaudenez, gure lanbidea leku batean zentralizatzea pentsatzen gabiltza. Ezinezkoa da lokal asko edukitzea, mantenua behar dutelako. Lehen sareginak ez ziren mugitzen beraien herrietatik; egun, ordea, danok mugitzen gara. Saregin eta Kai Neskatilen Euskadiko Elkartearen bitartez, denok ezagutzen dugu elkar eta batzuek lana daukagunean besteei trasladatzen diegu. Beraz, dauden motor gutxientzako herri bakoitzean lokala izatea ez da posible. Ondarroan kofradia barria egingo dutenez eta bertan daudenez saregin gehienak, bertan ipintzea erabaki zen. Halanda be, diru faltagatik kofradia barria egiteko lanak atzeratzen ari direnez, aldi baterako lokala ipini diete. Ea egia den eta aldi baterako den lokal hori epe labur baterako den, hemen, Euskal Herrian, aldi baterako dena behin betirako bihurtzen baita.
Ondarroan batzen zarete, beraz.
Renteria: Bai, hangoek lan asko dutenean, besteok joaten gara hara. Ontziteria gehiena Ondarroako portura sartzen da, Galiziatik edo Asturiastik datozen ontziak Ondarroako portura sartzen baitira. Bermeo, batez be, lebazaleentzako eta ardorekoentzako geratu da. Hortaz, gure lanbidea Ondarroan zentralizatzea erabaki dugu. Hori bai, erabaki hori ez da ez onena ez erosoena, baina zentzuzkoena bai.
Halanda be, Bermeon be lan egiten duzue eta, beraz, lekuren bat izatea ez litzateke txarto egongo, ezta?
Renteria: Noski, dudarik barik. Halanda be, gaur egun gauzak dauden moduan, ezin dugu lokal bat eskatu emakume bik bakarrik lan egiteko; hori ez da lehentasuna diru publikoa erabiltzeko. Horretarako indar gehiago behar da. Adibidez, Getarian 27 emakume ari dira lanean eta horiek bai badutela indarra, oinarri sendoa dute; baina gu, hemen Bermeon, bi baino ez gara. Gainera, diru laguntza eskatzeaz gain, mantenua be eskatu beharko genuke, eta ba al dago sektorea lokal horiek mantendu ahal izateko? Gaur egun, zaila da. Bermeon lokal bat izatea gurako genukeela argi dago, baina ezinezkoa izango da.
Eusko Jaurlaritzarekin harremanak zer nolakoak dira?
Renteria: Egia esan, ez dugu arazorik izan sozialistekin. Ahalegin guztia egin dute sektoreari laguntzeko. Aurretik egon ziren Eusko Alderdi Jeltzalekoekin (EAJ) be ondo konpontzen ginen. Halanda be, errealistak izan behar dugu eta ezin dugu eskatu ez dagoen lekutik; izan be, dirurik ez dago.
Egoera ezin hobean lan egiteko zer beharko zenukete?
Renteria: Lokal eder bat, sareak gero eta handiagoak direlako. Lokal txikietan ez dira sartzen eta txarto egiten dugu lan.
Marisa Anduiza: Ondarroan arazo hori dute: lokala txikia dela. Renteria: Orain ipini dutena aldi baterako izanik, lokal txikia da. Bermeon be kofradia barria egitekoak ziren, eta bertan lokal bat eskatzekoak ginen, baina lanak geldi daude, atzeratzen dabiltza. Atzerapen horiekin sareginak be galdu ditugu eta, beraz, bi andrantzako bakarrik zelan hasiko gara lokal bat eskatzen?
Bermeon zein egoeratan zaudete?
Renteria: Karpa batzuen azpian egiten dugu lan, baina haizeak joz gero, ezin daiteke lanik egin. Hotza izugarria da, eta neguan lan batzuk atzeratu egin behar ditugu, atzamarrak gogortzen zaizkigulako. Komunera joateko beharra badaukagu be, kofradiako tabernara joan beharra dugu, eta asteburuetan itxita dago. Beraz, asteburuetan lana izanez gero, herrira joan behar dugu, eta badago tartea. Ez da normala, baina gauzak horrela daude.
Zein sasoitan edukitzen duzue lan gehien?
Anduiza: Martxotik ekainera bitartean; berdel eta antxoa kanpainetan, hain zuzen.
Renteria: Berdel kanpainetan haustura handiak izaten dira, korronte handietako lekuetan ibiltzen direlako.
Anduiza: Hilabete horietan lan asko egiten dugu, kontrolik barik. Iaz biak gaixotu ginen, goizean hasi eta gauera arte lanean ibiltzen baikara. Lana izugarria izaten da, eta ez dugu ikusten noiz amaitu dezakegun.
Biren artean egin daiteke?
Anduiza: Egin dugu, bai, baina oso txarto amaituta.
Epeak izaten dituzue lanak amaitzeko?
Renteria: Nahiz eta ontziek lau sare inguru izaten dituzten, patroiek beti dute bat gustukoen, eta kanpainan sartuta daudenean sare hori egoera ezin hobean eduki gura izaten dute. Hortaz, askotan ordu gutxitan egin behar ditugu lanak, mesede moduan eskatzen baitigute. Baina gu estresatuta ibiltzen gara.
Anduiza: Hausturak askotan hamar lagunen artean konpontzekoak izaten dira, eta gu bi baino ez gaude. Hortaz, denbora gehiago emon behar dugu eta estu egiten dugu lan. Jateko denborarik be ez dugu izaten.
Bermeoko ontziekin bakarrik egiten duzue lan?
Renteria: Bermeokoekin zein kanpokoekin. Ni, adibidez, Lekeitioko Kofradiakoa naiz; beraz, hango sareak be hartzen ditugu, eta mesede modura eta lagun modura, beste zenbait be egiten ditugu. Kanpaina horietan dena da “mesedez, mesedez, lagundu” eta “hainbat arinen behar dut”.
Bermeoko neska gazteak ikusten dituzue saregin lanak egiten?
Anduiza: Ez dugu nahikoa irabazten, baina! Hiruzpalau hilabetetan zer edo zer bai, baina besterik ez. Lanaren pentsura ibiltzen gara, gutxi irabazteko. Hortaz, normala da gazteek lan hau gura ez izatea. Gizarte Segurantza be geuk ordaintzen dugu.
Renteria: Gazteek soldata bat gura dute eta gure lanbide honetan orduen arabera ordaintzen da. Halanda be, autonomoak gara eta, Marisak esan bezala, gure Gizarte Segurantza guk geuk ordaintzen dugu.
Zer moduz doaz zuen lana espezializazio modura kontuan hartzeko kudeaketak?
Renteria: Hainbat urte daramatzagu espezializazioa eskatzen eta titulazioa bakarrik lortu dugu, hortik aurrera ez da ezer gehiago egin. Lehenik eta behin, Itsasoko Gizarte Institutuak (IGI) gure kotizazioa lanbide moduan ipin dezan lortu behar dugu, eta Bizkaiko IGIk ez du gurea lanbide modura ipini gura. Osalanekin zenbait proiektu ditugu eginda gure gaixotasunen inguruan, baina, gure lanbidea ez badago aitortuta, gure gaixotasunak be ez. Ez badugu jartzen zein den gure lanbidea ezin dugu beste pausorik emon. Titulazioa lortu dugunetik 11 hilabete pasatu dira eta oraindik ez dugu lortu bigarren pausoa emotea. Gauzak zailak dira, jende gutxik egiten duelako arrantza sektorearen alde; ahaztuta dagoen sektorea da eta andren egoera oraindik txarragoa da, gainera.