Desegin egingo da Batasuna, aro barrira egokitzeko
Eratu zenetik 11 urtera, alderdia desegin egingo dela iragarri du Batasunak, Baionan egindako agerraldian. Erabakiak ziklo politiko baten amaierari erantzuten diola azaldu dute Maite Goienetxek eta Jean Claude Agerrek. Hain zuzen, “Euskal Herria fase politiko barri batean» dela aipatu dute Batasuneko kideek. “Fase horri heltzeko, ezker abertzalearen erakundeetan azken hilabeteetan egokitzapen urratsak” eman direla ekarri dute gogora; tartean, Segiren eta Askatasunaren desagerpena. “Logika horretan egitekoa” duten “azkeneko urratsa Batasunaren deuseztatzea” dela gaineratu dute Baionako agerraldian.
“Izenen gainetik, garrantzitsuena da gure borrokari eraginkortasuna bermatzea eta hori segurtatzeko beharrezkoak ditugun tresnak aro politiko bakoitzari egokitzea”, esan dute. Helburu horri erantzuteko asmoz erabaki dute alderdia desegitea. “Fase politiko berri bat eraikitzen hasi gara, bide horretan segitzeko borondatea dugu, eta, horretarako, Batasuna ez da gehiago tresna politiko egokia”.
Orotara hamabi urteko ibilbidea egin du ezker abertzalearen alderdi politikoak, eta Espainiako epaitegiek alderdia legez kanporatzeak egoera nahaspilatsuan utzi zuen alderdia; debekatua Hego Euskal Herrian, baina legezkoa Ipar Euskal Herrian.
Hego Euskal Herrian ez zuen ibilbide luzea egiterik izan. Alderdien Legea onartu zuen Espainiako Kongresuak 2002an, eta 2003an legez kanpokotzat jo zuten Batasuna auzitegiek, ETArekin lotura zuelakoan eta, besteak beste, Jon Martinez sukarrietarra, Karmelo Landa eatarra eta Marije Fullaondo Errigoitiko bizilaguna auzipetu zituzten.
Alderdia desegitea erabaki ondoren, alabaina, auzia zabalik dago oraindik, Martinezek esan duenez, ez baitago euren esku, “estatuen esku baizik”. Halanda be, “lasai” daudela dio sukarrietarrak. “Inoiz epaitzen bagaituzte, lasai eta harro joango gara adierazi beharrekoa adieraztera”.
Hortaz, Batasuneko militante izateaz “harro” dagoela dio Martinezek, nork bere jarrera militantea eta politikoa egoera barriari egokitzeko hausnarketa egin beharko duela nabarmenduz. Haren berbetan, testuinguru soziopolitiko zehatz batean sortu zen Batasuna, “eta testuinguru hori aldatu egin da guztiz”. Egungo “fase barriak tresna barriak” behar dituela dio sukarrietarrak. “Orain horretara jarri behar gara. Egokituz, baina aurrera begira beti”.Egoera barriaren aurrean baikor agertu da Martinez, zailtasunak egongo direla argi daukan arren. “Zailtasun barri horiei aurre egiteko tresna barriak, hausnarketak… behar ditugu. Baina nondik gatozen ahaztu barik, oraindik gauza asko falta baitira egoera normaltzeko eta gatazka atzean uzteko”. Hari horretatik, preso politikoen eta errepresaliatuen egoera konpontzea “funtsezkoa” dela deritzo.