Gaurtik hasita Bermeoko 1.500 umeri jarriko diote hepatitisaren aurkako txertoa
Bizkaiko Zaintza Epidemiologikoak urritik hasita A motako hepatitisaren 13 kasu antzeman ditu Bermeon, horietatik bi nagusiak dira, gainontzekoak umeak. Halanda be, kasu guztiak “leunak” izan direla zehaztu dute eta “ez dutela konplikaziorik izan” gaineratu. Herriko hiru ikastetxetan antzeman dira kasuak, …
Bizkaiko Zaintza Epidemiologikoak urritik hasita A motako hepatitisaren 13 kasu antzeman ditu Bermeon, horietatik bi nagusiak dira, gainontzekoak umeak. Halanda be, kasu guztiak “leunak” izan direla zehaztu dute eta “ez dutela konplikaziorik izan” gaineratu. Herriko hiru ikastetxetan antzeman dira kasuak, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan guztiak, hain zuzen be. Hori dela eta, Osasun Sailak agerraldia eten asmoz, 2005etik 2011ra bitartean jaiotako umeei hepatitisaren aurkako txertoa jartzea erabaki du.
Hain zuzen be, 1.500 umeri ipiniko diote hepatitisaren aurkako txertoa eta gaur hasiko dira; izan be, Osasun Sailetik jakinarazi legez, ” hepatitisatik babesteko txerto hori segurua eta eraginkorra da”. Osakidetzako mediku talde bat izango da herriko ikastetxeetara joango dena txertoak ipintzera; hori eskolatuta dauden umeen kasuan izango da. Eskolatuta ez daudenak, bestalde, anbulatoriora joan beharko dute. 1 eta 8 urte bitartean dituzten umeei ipiniko diotela adierazi dute Osasun Sailetik. Urtebete baino gutxiago dutenak ez dira txertatuko.
A motako hepatitisa gaixotasun arina izaten da, batez ere umeengan. Birus eragilea gaixoen gorozkietan egoten da, eta batzuetan, nahi gabe, beste pertsona batengana iritsi ahal da, eskuen bidez edota zikindutako beste objektu batzuen bidez. Sintoma nagusienak sukarra, goragaleak eta jateko gogogoa kentzea dira, eta kasu batzuetan azalak kolore horia be hartzen du.