
Arropak, oinetakoak, gerrikoak, jostailuak, poltsak… Hainbat eta hainbat izan dira asteburuan Busturian eta Bermeon eskuratu ahal izan diren produktuak. Alabaina, ez dira dendetan erosi ahal izan, herritarrek eurek saldu baitituzte objektuok, Busturialdeko herri bi horietan asteburuan bigarren eskuko azokak egin baitituzte.
Objektu batek erabilera gehiago izan ditzakeelako egin dituzte azokak Busturian eta Bermeon. Udalak berak antolatu du Busturiko Altamira auzoan egindakoa, eta Haitz Nagusije alde zaharreko auzo elkarteak, aldiz, Bermeokoa. Helburua, baina, bietan izan da bera: erabilitako gauzei irtenbidea ematea.
Bermeokoak izan duen harrera dela eta, pozik agertu da Haitz Nagusije. Elkartekideek esan dutenez, azaroan egindako liburu azokan baino jende gehiagok parte hartu du oraingo honetan, eta «pozik» egon dira saltzaileak eta erosleak. Hurrengo azoka udaberrian egitea daukate aurreikusita.