
Miribillako harmailak beteta, 5.000 zaletu bildu zituen zapatuan Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren final handiak. Lea-Artibaiko eta Busturialdeko ordezkari bana izan ziren oholtza gainean, Iratxe Ibarra markina-xemeindarra eta Onintza Enbeita muxikarra, baina txapelik barik bueltatu ziren biak etxera. Igor Elortza durangarrak eta Arkaitz Estiballes galdakoztarrak jokatu zuten buruz burukoa, baina, azkenean, Estiballesi jantzi zion txapela Jon Lopategik.
Hain justu, 899 puntu pilatu zituen galdakoztarrak, eta durangarrak, berriz, 896. Haien atzetik sailkatu ziren Fredi Paia (506,5), Jone Uria (500), Onintza Enbeita (494,5), Miren Amuriza (490,5), Iratxe Ibarra (485,5) eta Etxahun Lekue (474).












