Bildutako jostailuak barikuan banatuko ditu Izaro Bikers elkarteak
«Pozik» agertu dira Izaro Bikers elkartekoak zapatuan egin zuten jostailu bilketak izan zuen harrerakin. Herritarren inplikazioa «benetan txalogarria» izan dela azaldu dute. Batutako jostailuak prestatzen ari dira, eta horiek barikuan banatuko dituztela jakinarazi dute.
Zapatu goiza «oso ondo» joan zela …
«Pozik» agertu dira Izaro Bikers elkartekoak zapatuan egin zuten jostailu bilketak izan zuen harrerakin. Herritarren inplikazioa «benetan txalogarria» izan dela azaldu dute. Batutako jostailuak prestatzen ari dira, eta horiek barikuan banatuko dituztela jakinarazi dute.
Zapatu goiza «oso ondo» joan zela adierazi du Amaia Urresti Izaro Bikers elkarteko kideak, «benetan pozik gaude hainbat jostailu jaso genituelako. Herritarren inplikazioa kasu hauetan beharrezkoa da eta aurten be ez dute huts egin eta guregana hurbildu dira jostailuak uztera. Eskertzekoa da».
Jasotako jostailuak beharrizana duten Bermeoko familien artean banatuko dituzte, «herriko txiki guztiek Gabonetan opariak izan ahal izateko». Asteon, bildutako jostailuak prestatzen ari direla esan du Urrestik eta bariku arratsaldean egingo dute banaketa. «Herriko ikastetxeek emondako zerrenden bitartez egingo dugu banaketa», adierazi du Urrestik.
Jasotzen dituzten jostailu gehienak «baldintza onetan» izaten direla zehaztu dute, «nahiz eta beti dagoen baten bat erabili ezin daitekeena».
Soberan geratzen diren jostailuak Busturiko Euskadiko Biodibertsitate Zentroak urtarrilaren 2ra arte duen bilketa solidariako gunera eroango dituztela jakinarazi du Urrestik.