Hiru gazte atxilotu ditu Ertzaintzak, hainbat etxebizitzatan lapurtzea egotzita
18, 21 eta 25 urteko hiru gazte atxilotu ditu Ertzaintzak, Bizkaiko familia bakarreko hainbat etxebizitzatan indarra erabilita lapurretak egitea leporatuta. Hain zuzen, polizia-aurrekariak dituzten atxilotu horiek herri ezberdinetan egindako hogei lapurretarekin lotu dituzte. Atxilotuetako bat kartzelan sartu dute, eta beste biek epaitegira joan beharko dute hilabete bakoitzaren 1ean eta 15ean.
Ertzaintzak hogei salaketa inguru jaso ditu azaroan, Bizkaiko hainbat udalerritako familia bakarreko etxebizitzetan eginiko lapurretengatik. Besteak beste, Mungian, Marurin, Errigoitin, Gatikan, Gamiz-Fikan, Arrietan, Arratzun, Muxikan, Mundakan, Ajangizen eta Lezaman jazo dira lapurretak. Ertzaintzaren arabera, gehienetan goizetan egin zituzten lapurretak, bizilagunak etxean ez zeudela aprobetxatuz. “Normalean, ateak edo leihoak indarrez irekitzen zituzten etxe barrura sartzeko, eta, han, eskudirua edo baliodun gauzak lapurtzen zituzten; hala nola, bitxiak, gailu elektronikoak, ordenagailuak, bideojoko-kontsolak…”.
Ikerketa abiarazita, astelehenean gazteetako bat atxilotu zuten, 21 urtekoa. Biharamunean, abenduaren 4an, beste bi gizonezkoak atxilotu zituzten. Horietako bat 18 urteko gaztea da, eta aurretiaz ere sei aldiz atxilotu dute. Besteak 25 urte ditu, eta aurretiaz ere lau aldiz atxilotu dute. Ertzaintzaren iritziz, “inplikatutako gazte horiek etxebizitzetan lapurretak egiten dituen talde antolatu bateko kideak dira”. Horrez gain, Ondarroako ertzain-etxetik ere ikerketa-lanak egin zituzten, Munitibarreko etxe batean eginiko lapurreta batekin lotuta eta Berriatuko etxebizitzetan eginiko beste bi ahaleginekin lotuta. Horiek azaroaren amaieran izan ziren, eta orain atxilotutako gazteekin lotu dituzte.
Hirurak Gernika-Lumoko epaitegira eraman dituzte. Gazteetako bat kartzelan sartzeko agindua eman du epaileak, eta beste biek bulego judizialetan agertu beharko dute, hilabete bakoitzaren 1ean eta 15ean.
Momentuz, ikerketak martxan jarraitzen du eta Ertzaintzak ez du baztertzen atxiloketa gehiago egitea.