Jaietako liburuxkekin iruzur fiskala egin izana ukatu du Jai Batzordeak
Joan den astean komunikabide batek argitaratutako albistea gezurtatu du Gernika-Lumoko Jai Batzordeak, Andra Mari eta San Roke jaietako egitarauaren liburuxkekin iruzur fiskalik ez dela egin argudiatuz. Jai Batzordeak azaldu duenez, liburuxkarako publizitatea saltzerako orduan, “funtzionamendua zuzena» izan dela eta “dena legezkoa” dela esan du. Bada, komunikabide hark argitaratutakoa “interes politikoek bultzatutakoa” izan dela nabarmendu du. Joan den barikuan piztu zen polemika, azaroaren 30ean, hedabide batek gaia orrialde osora eroan zuenean. Albisteak zioenez, Gernika-Lumoko Udalak ustezko delitu fiskal bat egitera bultzatu ahal izan zituen herriko merkatariak, Jai zinegotziak liburuxketako publizitatea BEZik barik ordaintzeko aukera eman baitzien. Gainera, komunikabide haren arabera, Bilduko zinegotziak idatziz helarazi zien proposamena enpresari autonomoei, Jai zinegotziak berak sinatuta eta Gernika-Lumoko Udalaren zigiluagaz. Zapatuan, aldiz, Bizkaiko Ogasun Sailak udalaren jardunbidea ikertuko duela argitaratu zuen egunkari berak. Horren aurrean, Jai Batzordeak “haserrea” adierazi du, bere iritziz, “falta fiskaltzat mozorrotuta, jaietako kudeaketa” baitago muinean. Azaldu duenez, jaien antolakuntzan parte hartzen duen kultur talde batek gestionatu du aurten liburuxkaren osaketa, eta kultur taldearen izaeragatik, komertzianteei eta gizarte eragileei jarduerak zein liburuxka bera finantzatzeko egiten dieten ekarpen ekonomikoak “ez du zertan BEZa eduki behar, baina komertzianteek hala eskatuta luzatu ditzake fakturak eta gero dagokion lekuan kontu eman”. Hori horrela, funtzionamendua zuzena izan [...]

Joan den astean komunikabide batek argitaratutako albistea gezurtatu du Gernika-Lumoko Jai Batzordeak, Andra Mari eta San Roke jaietako egitarauaren liburuxkekin iruzur fiskalik ez dela egin argudiatuz. Jai Batzordeak azaldu duenez, liburuxkarako publizitatea saltzerako orduan, “funtzionamendua zuzena» izan dela eta “dena legezkoa” dela esan du. Bada, komunikabide hark argitaratutakoa “interes politikoek bultzatutakoa” izan dela nabarmendu du.
Joan den barikuan piztu zen polemika, azaroaren 30ean, hedabide batek gaia orrialde osora eroan zuenean. Albisteak zioenez, Gernika-Lumoko Udalak ustezko delitu fiskal bat egitera bultzatu ahal izan zituen herriko merkatariak, Jai zinegotziak liburuxketako publizitatea BEZik barik ordaintzeko aukera eman baitzien. Gainera, komunikabide haren arabera, Bilduko zinegotziak idatziz helarazi zien proposamena enpresari autonomoei, Jai zinegotziak berak sinatuta eta Gernika-Lumoko Udalaren zigiluagaz. Zapatuan, aldiz, Bizkaiko Ogasun Sailak udalaren jardunbidea ikertuko duela argitaratu zuen egunkari berak.
Horren aurrean, Jai Batzordeak “haserrea” adierazi du, bere iritziz, “falta fiskaltzat mozorrotuta, jaietako kudeaketa” baitago muinean. Azaldu duenez, jaien antolakuntzan parte hartzen duen kultur talde batek gestionatu du aurten liburuxkaren osaketa, eta kultur taldearen izaeragatik, komertzianteei eta gizarte eragileei jarduerak zein liburuxka bera finantzatzeko egiten dieten ekarpen ekonomikoak “ez du zertan BEZa eduki behar, baina komertzianteek hala eskatuta luzatu ditzake fakturak eta gero dagokion lekuan kontu eman”. Hori horrela, funtzionamendua zuzena izan dela baieztatu du Jai Batzordeak, hori ziurtatzen duten txostenak badituela argituz. Hari horretatik, edozeini azalpenak emateko prest dagoela esan du.
Jai ereduari eraso
Gertatutakoa “behar den lekuan azaltzeko eta iruzur fiskalik egon ez dela erakusteko prest” dagoela esan du Jai Batzordeak, baita bere “jarduera fiskalizatzeko prest” be; baina, esan duenez, ez du ulertzen “zergatik ez den egin azken hamabost urteetan”.
Finean, auzitan jartzen dena Gernika-Lumoko jai eredua dela deritzo Jai Batzordeak. “Orain dela lau urte Espainiako Auzitegi Nazionala izan zen Gernika-Lumoko jaien kontrako erasoa abiatu zuena”, esan dute, orain txanda egunkari horrek hartu duela gaineratuz. “Antza, Gernikako jai eredua ez dute gustuko”, diote batzordekideek.
Izan be, euren iritziz, zinegotzi baten lana bakarrik ez, “herri honetako talde aktibo askoren” lana eta “herriaren izena” bera erasotzen dira egunkari hartan argitaratutakoagaz. “Utz gaitzatela bakean, utz diezagutela herritarroi gure jai eredua lantzen”, esan dute.