Kaleak garbi mantentzeko fatxadetako kartelak kentzeari ekin diote Bermeon
Fatxadak eta hormak garbi mantentzea «ezinbestekoa» dela diote Bermeoko Udaletik herriko kaleen itxura garbia eta ona lortzeko. Hori dela eta, udala fatxadetako kartelak kentzen hasi da eta horretarako Jabe Elkarteei baimena eskatu die. Ekimen horren bitartez, Bermeo danon artean garbi-garbi kanpainaren hurrengo faseari ekin diotela adierazi du Juan Karlos Agirre Bermeoko Udaleko zerbitzu saileko zinegotziak. Kanpaina hori maiatzean ipini zuten martxan herriko elkarte desberdinen laguntzarekin. Informazio panelak Zerbitzuetako zinegotziak badaki «zaila» izango dela hasiera batean herriko fatxadak garbi mantentzea, baina, gogorarazi duenez, «herrian zehar dagoeneko kartelak ipintzeko hainbat informazio panel daude». Bere esanetan, udalaren asmoa «kulturarekin, kirolarekin eta abarrekin lotuta dauden ekintzen deialdiak puntu jakin batzuetan biltzea» izan da. Horrela, puntu horietara hurbilduta edonork hartu ahalko luke informazioa. Agirrek azaldutakoaren arabera, «informazio panel horiek erabiltzen badira be, tamalez, herriko fatxadak eta hormak be erabiltzen dira kartelak ipintzeko eta gure herriaren itxura kaltetzen duen ohitura txar hori guztion artean desagerrarazi behar dugu». Hortaz, Bermeo danon artean garbi-garbi kanpainaren hurrengo urratsa kaleen itxura errotik aldatzea izango da. Helburu hori lortu ahal izateko «ezinbestekoa da zure fatxadan dauden kartelak kentzea», esan du. Herritarrei laguntza eske Herriko fatxadak eta hormak garbi mantentzea «zaila» izango dela jakinda, udalak herritarrei laguntza eskatu gura die. «Gaurtik aurrera [...]
Fatxadak eta hormak garbi mantentzea «ezinbestekoa» dela diote Bermeoko Udaletik herriko kaleen itxura garbia eta ona lortzeko. Hori dela eta, udala fatxadetako kartelak kentzen hasi da eta horretarako Jabe Elkarteei baimena eskatu die.
Ekimen horren bitartez, Bermeo danon artean garbi-garbi kanpainaren hurrengo faseari ekin diotela adierazi du Juan Karlos Agirre Bermeoko Udaleko zerbitzu saileko zinegotziak. Kanpaina hori maiatzean ipini zuten martxan herriko elkarte desberdinen laguntzarekin.
Informazio panelak
Zerbitzuetako zinegotziak badaki «zaila» izango dela hasiera batean herriko fatxadak garbi mantentzea, baina, gogorarazi duenez, «herrian zehar dagoeneko kartelak ipintzeko hainbat informazio panel daude». Bere esanetan, udalaren asmoa «kulturarekin, kirolarekin eta abarrekin lotuta dauden ekintzen deialdiak puntu jakin batzuetan biltzea» izan da. Horrela, puntu horietara hurbilduta edonork hartu ahalko luke informazioa.
Agirrek azaldutakoaren arabera, «informazio panel horiek erabiltzen badira be, tamalez, herriko fatxadak eta hormak be erabiltzen dira kartelak ipintzeko eta gure herriaren itxura kaltetzen duen ohitura txar hori guztion artean desagerrarazi behar dugu».
Hortaz, Bermeo danon artean garbi-garbi kanpainaren hurrengo urratsa kaleen itxura errotik aldatzea izango da. Helburu hori lortu ahal izateko «ezinbestekoa da zure fatxadan dauden kartelak kentzea», esan du.
Herritarrei laguntza eske
Herriko fatxadak eta hormak garbi mantentzea «zaila» izango dela jakinda, udalak herritarrei laguntza eskatu gura die. «Gaurtik aurrera Jabe Elkarteko fatxadak edota hormak garbitzeko baimena daukagula ulertuko dugu, zuek aldez aurretik ez baduzue egin», dio Agirrek.
Gutxi gutxika kartelak kentzen hasi direla adierazi dute «dituzten baliabideen arabera». Kentzen dituzten puntuetan, kartelik ez ipintzeko mezua duen kartel txiki bat ipiniko dutela jakinarazi dute.
Bestalde, datozen egunetan panel berezi bi ipiniko dituztela azaldu dute, «herritarrek euren oharrak, eskaintzak edo bestelakoak» ipini ahal izateko.