Ia dena dago prest Gernika-Lumoko hitzordu garrantzitsuenetarikorako. Astelehenean milaka lagun hartuko ditu herriak, urriko azken asteleheneko azoka entzutetsuan. Baserri mundua kalera atera eta nekazal kutsua hartuko du Gernika-Lumok, eta horren erantzule izango dira han eta hemen ipiniko dituzten 286 saltokiak. Ohiko kaleetan kokatuko dituzte saltoki guztiak, baina aurten izango da aldaketaren bat edo beste, Juan Calzada kaleko obren eraginez. Hala, kale hori bere osotasunean hartu izan ohi dute ortuariek, baina aurten makinaria ipiniko dute tarte batean, ortuarientzat ez bezala, horientzako ez delako etxolarik behar. Bada, desmuntaketarik egin behar ez izanak martitzenean kaleko obrekin jarraitu ahal izatea ahalbidetuko du, Iñaki Gorroño Eria arloko zinegotziak azaldu duenez. Aldaketa hori eginda, saltoki gehienak (68) Artekalen egongo direla azaldu du Gorroñok. San Juanen (60), Pasealekuan (54), Industria kalean (40), Juan Calzadan (31) eta 8 de Eneron (20) kokatuko dituzte gainontzekoak. Produktuei dagokienez, ordezkaritza zabalena gazta saltzaileena izango da, 65 ekoizle batuko baitira Gernika-Lumon. Artisautzak 54 saltoki edukiko ditu, ortuariek 43, txakolinak hogei, sagardoak sei, euskal pastelak eta ogiak hamabost, kontserbek hamalau, makinariak hamazazpi, eztiak bost, lorek bi eta erroskilek bederatzi. Esnekiak saltzen dituen postu bat be egongo da, eta bestelakoentzako hamahiru. Saltoki guzti-guztiak saltzailearen izen-abizenarekin, jatorriarekin eta produktuaren informazioarekin egongo dira identifikatuta. Bestalde, beti [...]
Ia dena dago prest Gernika-Lumoko hitzordu garrantzitsuenetarikorako. Astelehenean milaka lagun hartuko ditu herriak, urriko azken asteleheneko azoka entzutetsuan. Baserri mundua kalera atera eta nekazal kutsua hartuko du Gernika-Lumok, eta horren erantzule izango dira han eta hemen ipiniko dituzten 286 saltokiak.
Ohiko kaleetan kokatuko dituzte saltoki guztiak, baina aurten izango da aldaketaren bat edo beste, Juan Calzada kaleko obren eraginez. Hala, kale hori bere osotasunean hartu izan ohi dute ortuariek, baina aurten makinaria ipiniko dute tarte batean, ortuarientzat ez bezala, horientzako ez delako etxolarik behar. Bada, desmuntaketarik egin behar ez izanak martitzenean kaleko obrekin jarraitu ahal izatea ahalbidetuko du, Iñaki Gorroño Eria arloko zinegotziak azaldu duenez.
Aldaketa hori eginda, saltoki gehienak (68) Artekalen egongo direla azaldu du Gorroñok. San Juanen (60), Pasealekuan (54), Industria kalean (40), Juan Calzadan (31) eta 8 de Eneron (20) kokatuko dituzte gainontzekoak. Produktuei dagokienez, ordezkaritza zabalena gazta saltzaileena izango da, 65 ekoizle batuko baitira Gernika-Lumon. Artisautzak 54 saltoki edukiko ditu, ortuariek 43, txakolinak hogei, sagardoak sei, euskal pastelak eta ogiak hamabost, kontserbek hamalau, makinariak hamazazpi, eztiak bost, lorek bi eta erroskilek bederatzi. Esnekiak saltzen dituen postu bat be egongo da, eta bestelakoentzako hamahiru. Saltoki guzti-guztiak saltzailearen izen-abizenarekin, jatorriarekin eta produktuaren informazioarekin egongo dira identifikatuta.
Bestalde, beti bezala, ortuariak, frutak, landare apaingarriak, txakolinak, eztiak eta gaztak sartuko dira lehiaketan. Gorroñok azaldu duenez, onenak hautatzeko «euskal nekazaritzaren munduan sona handia daukaten teknikariez osatutako epaimahaia» eratuko dute. Bestetik, ospe handiko sukaldariek parte hartuko dute gazten dastaketan. Hain justu, Jose Miguel Olazabalaga, Beñat Ormaetxea, Aitor Elizegi, Iñigo Ordorika, Ricardo Perez, Eneko Atxa, Daniel Garcia, Sergio Ortiz de Zarate, Alvaro Garrido eta Alberto Txikote ariko dira zeregin horretan, Itsasmendi upategiko Ana Martin enologoarekin batera.
Urriko azken astelehenean sariren bat lortzeak ematen duen prestigioaz gain, dirusariak be izango dira irabazleentzat, 3.000 eurotik gora banatuko baitituzte, BBK-ko Gizarte Ekintza Saileko Manu Gonzalezen arabera.
Trafikoan aldaketak
Astelehenerako dena prest egon dadin, azokarako etxolatxoak asteburuan muntatuko dituzte. Prestakuntza horiek eragina izango dute trafikoan, zenbait kale ibilgailuentzat zarratuko baitituzte. Hain zuzen, Adolfo Urioste, San Juan, Artekale eta Juan Calzada kaleetan izango du eragina neurriak. Gaur bertan moztuko dituzte Artekale eta Juan Calzada, 20:00etan; San Juan kalea, ostera, bihar zarratuko dute, 14:00etan; Adolfo Uriosterako sarbidea asteburu guztietako ordutegi berean. Martitzenera bitartean egongo dira itxita kale horiek; garbiketa lanak egin arte, alegia.
Ziztadak
Zure ziztada behar dugu BERRIA egunkariaren aldeko kanpainak isla edukiko du urriko azken astelehenean, txosna guztietan ipiniko baitituzte euskarazko egunkariari laguntza ematearen aldeko ikurrak. Busturialdean Euskara Bizik, gainera, bere materiala saltzeko mahaia jarriko du Adolfo Uriosten, eta BERRIAren kamisetan be izango ditu salgai.
Egitaraua:
- 09:00etan. Nekazal produktuen lehiaketaren eta nekazal makinariaren erakusketaren hasiera.
- 12:00etan. Bertsolariak Merkurio iturriaren inguruan: Andoni Egaña, Sebastian Lizaso eta Maialen Lujanbio.
- 13:30ean. Sari banaketa eta gaztaren enkantea, Merkurion.
- 18:00etan. Zesta-punta partidak Jai Alai frontoian.
- 18:00etan. Eskupilota partidak Santanape frontoian.
Txosnak:
- Foru plaza. Ciclista Gernikesa eta Arkupe pelota elkartea
- Ciutat de Berga. Gernika Kluba
- Pasealekua. Gernika Off Road
- Saraspe. Gernika KESB
- Alhondiga. Gernika Rugby T.
- Adolfo Urioste. Esan
- Domingo Alegria. Apareu eta AEK-Busturialdean Euskaraz bizi