Andere Gonzalez eta Iñaki Gonzalo
Herritarren berbak dira bildu eta galdu gura ez dituztenak. Hori da Eako errealitatea, herriko hizkera eta ahozko ondarea batu eta gorde gura baitituzte herritarrek. Hainbat boluntarioren lanari eta Ahotsak.com-ekoen laguntzari esker, helburua lortzeko bidean ari dira beharrean.
Eako euskara landu eta herriko beharrizanak betetzeko beharra ikusita, Euskara Batzordea sortu eta euskararen egoeraren diagnostikoa egin zuten 2009an. Ideia ugari zituzten orduko hartan, eta hainbat lan egiteke. Esparru ezberdinak jorratzea zuten helburu, eta horiek guztiak lantzeko hainbat ekintza zehaztu zituzten 2012-2012rako Euskara Biziberritzeko Plan Nagusian (EBPN). Beste hainbaten artean, bi ekintza nabarmendu zituzten: batetik, herriko toponimiaren azterketa egitea eta bertako emaitzak mapa batean biltzea zen asmoa; bestetik, herriko hizkera jasotzea zuten helburu.
Gauzak horrela, Euskaltzaindiara jo zuten gomendio eske. “Herriko hizkera jasotzeko boluntarioen lana oso ona izan zitekeela esan ziguten eta, era berean, aberasgarria; herritarren hizkera ez delako kutsatzen elkarrizketak egiterako orduan”, azaldu du Amaia Garmendia Eako kultura dinamizatzaileak. Toponimia ikerketa egiteko, ostera, horretan jarduten duen herritar bategaz harremanetan jarri zen Eako Udala.
Euskaltzaindiaren gomendioari jarraiki, boluntarioei zuzendutako deialdia zabaldu zuten, eta hiru herritar batu ziren; bata Ean, bestea Bedaroan eta azkena Natxituan. Ahotsak.com-ekoek, gainera, euren tresneria eta laguntza teknikoa eskaini zieten eatarrei. Gainera, Andere Gonzalez eatarra Ahotsak.com-en hasi zen praktika lanetan eta, hala, Eako proiektua gauzatzeko aukera aprobetxatu zuen. Horrela heldu zioten herriko ahozko hizkera jasotzeko proiektuari uda hasieran.
Herriko boluntarioek uda guztia zuten aurretik burubelarri aritzeko. Helburuak be zehaztu zituzten: auzo bakoitzean (Ea, Bedaroa eta Natxitua) hiru-lau elkarrizketa egitea zen euren asmoa. Dena den, uda igarota, ez dute helburua bete; Gonzalezek dioenez, “denbora faltagatik”. Zenbait elkarrizketa egiteko aukera, behintzat, izan dute; guztira, bederatzi. Halanda be, egoera ikusita, epea luzatu beharra izan dute. “Ez dakigu noiz arte luzatuko dugun, baina elkarrizketak egiten jarraituko dugu”, baieztatu du Gonzalezek.
Izan be, azaldu dutenez, ez da lan erraza elkarrizketak egitea. Gaur egun Gonzalezek beste lan batzuk ditu esku artean. Horrez gain, boluntarioek euren aisialdian egin behar izaten dituzte elkarrizketak, eta hori be kontuan hartu beharra dagoela diote. Gainera, Iñaki Gonzalo boluntarioak azaldu duenez, kamera bat esku artean izateak jendea ikaratu egiten du. “Agian, beste formatu batean izango balitz… grabagailuarekin soilik, esaterako…”. Elkarrizketa posibleak izan badituztela diote, baina hitzordua jartzerako orduan jendea kikildu egiten dela azaldu dute. Gainera, uda sasoian baserritarrek behar asko izaten dutela eta, horrek be eragina izan du elkarrizketen atzerapenean.
Gogo handiz egin zuten aurrera proiektuagaz, baina, arazo ezberdinak tarteko, albo batera utzi dute tarte batean. Udazkenagaz batera, baina, barriro be proiektuagaz aurrera egiteko asmoa erakutsi dute. Izan be, “lan interesgarria eta beharrezkoa” da, euren esanetan. Gainera, denbora kontra dutela uste dute: “bizitzaren azken partean dagoen jendea elkarrizketatzen dugu, eta denborak aurrera darrai. Batzuk osasunez ondo daude; beste batzuk, ordea, ez”. Hala, “kopuru bat esatearren”, hogei bat elkarrizketa egitea ondo legokeela uste dute.
75 urtetik gorakoak
Gerra aurreko eta gerra osteko herritarrak ditu abiapuntu Ahotsak.com-en proiektuak; alegia, 75 urtetik gorakoei elkarrizketak egitean datza proiektuak. Adinagaz batera, herriko jendea izan behar da elkarrizketatzen dutena. “Herrikoa ez bada be, urte asko herrian bertan igarotakoa izan dadila; kutsatuta ez dagoen hizkera izan dezala, gerora, esandakoa ondo jaso ahal izateko”. Gainera, ganorazko elkarrizketa bat mantentzeko gai izan behar du proiektuan parte hartzen duenak.
Elkarrizketa egin aurretik fitxa bat betetzen du elkarrizketatzaileak, izena, bizilekua, baserria, gurasoen datuak eta beste hainbat datu zehaztuz. Kronologia jarraituz betetzen dute, bestalde, fitxa: txikitatik hasita, zein eskolatan ikasi duten, gerora ikasten jarraitu duten edota lanean hasi diren… Batzuetan elkarrizketatuek izaten dute zer edo zer kontatu, eta holakoetan zehaztapen gehiago emotea ondo dagoela dio Gonzalezek. Pertsona bakoitzak gauza zehatz baten inguruan interes handiagoa izango du, edo adituagoa izango da gai horretan. Horregatik, berba egiten utzi behar dietela uste du Gonzalezek; beti be, fitxaren prozedura jarraituta.
Proiektuaren helburua –ondare bizia jasotzea– oinarri hartuta egin izan dituzte elkarrizketak orain arte, eta hemendik aurrera be bide hori jarraituko dute. Behin elkarrizketok eginda, formula asko daude aukeran. Garmendiak azaldu legez, batetik, elkarrizketak grabatu eta bere horretan utz daitezke, edota grabatu eta gaika kodifikatu; bestetik, elkarrizketa guztiak transkribatu eta liburu batean bildu daitezke. Baina, dioenez, elkarrizketa eginda badago, lan hori ez da hain “premiazkoa”.
Joera ezberdineko hizkerak
Elkarrizketak bukatzerakoan zer egingo duten oraindik ez dakite; izan be, hainbat baldintzaren arabera hartu beharko dute erabakia. Bitartean, ahalik eta elkarrizketa gehien egiten saiatuko dira Bedaroan, Natxituan zein Ean bertan. Izan be, herri bereko auzoak izan arren, euren arteko hizkera ezberdina dela dio Iñaki Gonzalok. Haren arabera, “Natxituako euskarak mendebalderako joera handiagoa du, Bermeoko hizkeraren kutsua du; Bedaroakoak, ostera, Lekeitiokoaren antz handiagoa du”. Hala, herritarren bizimodua eta izakera be ezberdina dela azaldu du.