Amaia Artetxeren zutabea: "Zelako papeleta"
Hauteskunde kanpainan gaude; enteratuko zinan, ezta? Zertarako balio daben kanpainek beste galdera bat da, baina, indarra jartzen dabela partiduek euren presentzia begi bistako izan daiten… hori, fijo. Ez dot interesgarri topaten gurean egiten diran hauteskunde kanpainak, politikari gitxi dauz ondo komunikatzen dabenak, ondo transmititzen dabenak mezua. Jakina, militanteentzat mezua beti heltzen da. Besteei buruz nabil, ostera; alderdi bateko kide finko ez eta boza emon gure dabenei buruz. Hauteskunde kanpainan esaten danaren arabera erabaki beharko bagendu zeini emon botoa, nik neuk ez neuke inoiz argi eukiko. Edo hobeto esanda, inoiz ez neuke konbentzituta bozkatuko. Nahiz, pentsatzen jarrita, inoiz bozkatu ete dot bada konbentzituta?
Gaur goizean Euskadi Irratian Idoia Mendia entzun dot euskeraz; Euskadi Irratia esan dot. Akats garrafalak egin dauz berbetan, aditzetan bat bera be ez dau igarri, inprobisaziño linguistikoagaz harrituta geratu naz, lotsatu eta guzti egin naz. Bai, behintzat euskaraz egin dau. Baina, zer esatea gura dozu, holan egitekotan nik neuk gurago gazteleraz azaltzen bada ( danok ulertzen dogu eta!). Ze demontre, bera lotsatuko ete zan? Ezetz uste dot. Badakizu, euskereagaz hori gertatzen da: ahalegintzea da garrantzitsua, akatsak ez dira kontuan hartzen. Ya! Gazteleraz erdi ipurdika dabilen politikari (eta politikariez nabil, hiritarrak zentzu honetan beste maila batean dauzela uste dot, ez dodaz bardin epaitzen, alegia) bati buruz zer esango leukien entzun gurako neuke!
Eta ez galdetu zer esan dauan ez dakit eta. Hori baita gertatzen jatan beste gauza bat politikariekaz hauteskunde kanpainan: albistegietan eta egunkarietan irakurri irakurtzen dodazala, baina mezua aurkitu aurkitzen ez dodala. Zer esan dau ba? Zer? E… ba… betikue! Zelako interpretaziño eta borobiltze lanak egin behar dabezan batzutan kazetariek politikariak esandakoak igortzeko.
Ba hauri, bakoitzak ikusiko dauala zer egin. Bai, horretarako dauz hauteskundeak eta. Bozkaketa on!