Busturialdera ekarri dute Euskadiko Turismo Enogastronomikoaren Plana
Urremendi Busturialdeko Landa Garapen Elkarteak Basquetour Euskadiko Turismo Agentziagaz batera, Euskadiko Turismo Enogastronomikoaren Plana aurkeztu du Busturialdean. Hala, ekimenaren barri emon nahi dute eskualdean, eta, era berean, produktu kluba sortuz, turismo enogastronomikoan eskualdeko enpresek izan dezaketen parte hartzea bultzatu gura dute.
Proiektuak eskualde gastronomikoen produktu eskuliburua du oinarri, zeinek eskualdeen produktu enogastronomikoa sortzeko eta garatzeko irizpideak definitzen dituen. Horrez gain, turismo enogastronomikoaren ezarpenerako arauak eta promoziorako euskarrien edizio eta diseinurako jarraibideak be emoten ditu. Azkenik, aipatu eskuliburuaren bitartez, gaikako produktu turistiko-gastronomikoak sortzeko irizpideak ezagutu daitezke, eta baita aktibitate turistiko-gastronomikoaren kudeaketa profesionalerako jarraibideak be.
Gainera, Urremendikoek azaldu dutenez, «eskuliburu horrek produktu turistikoa osatzen duten kide eta eragile guztien parte hartze aktiboa jasotzen du; horien artean, enpresena eta sektore ezberdinetako zerbitzuena (pintxo tabernak, museoak, turismo bulegoak…)».
Proeiktuan parte hartu nahi duenak urriaren 15era arte izango du informazioa eskatzeko aukera, urremendi@urremendi.org helbidera idatzita edota 94 625 76 09 telefonora deituta.