Markel Anasagastiren zutabea: Beharrera!
Alemanian lau bat hilabete emonda, orain dala aste bi eskas heldu nintzen Euskal Herrira. Lekeitioko eta Bermeoko jaietan batera eta bestera ibili ostean, eta egun batzuk kanpoan pasata, eguneroko bizitzara bueltatuteko sasoia etorri da. Denporapasa alde batera itxi, zereginak ordenau, eta beharrean hasteko garaia.
Uda guztian etxera ailegauniko kartak leidu barik; hamaika periodiku mahai gainean pilotuta; sarrera bandejan irakurri bako ehun e-mail inguru; begiratu barik itxiniko tuitak, hamar bider gehiago…
Egunkariakaz hasi naz. Barri honak hasikera hasikeratik: Astra sorkuntza fabrikea zabaldu barri dabe, eta zapatu arratsaldean egingo da hurrengo asanblada. Agendan apuntau beharreko eguna. Bigarren kilometroaren hasiera. Lehenengo kilometrotik datozenak aurrera segitzeko aukera, eta aurretik ibili ez diranak (ni neu, esaterako) proiektuan sartzeko, edo behintzat, nondik norakoak ezagutzeko momentu ederrena. Sortzaileentzako paradisua eraikitzeko parada.
E-mailen artean, barriz, erdiak baino gehiago Nuntxaku taldea osatzen dugunonak.
Emoten dau kurtsoa hasteko gogoa dagoala. Zapatuan goizean goiz han izango gara Kapilla atontzen, 2012-2013ko ekitaldirako aretoa prest izateko. Hori be Astran moduan, danontzako edegita dago, inork antzerki, kontzertu, jardunaldi edo dana dalakoak antolau gura dabezenerako. Nuntxakun zelan behar egiten dan ezagutzeko, zapatuan kikua egitea izango da aproposena.
Twitter eta Facebooken, lagun eta jarraitzaileen arteko joera nagusiak aste honetan Mundakako Erreka auzoko jaiak dira. Hainbat dira Hiruzubi Erreka auzoko elkarteak antolauriko ekintzak: poteoa, auzo bazkaria, kontzertuak… Eguna ondo baino hobeto amaituteko derrigorrean egin beharreko bisita.
Azkenerako itxi dodaz kartak, gehienak propaganda zirelako, bueno, eta Alemanian kotxeagaz behar dan baino arinago ibiltzearren hartuniko isuna, bueno, eta gauez bizikleta gainean argi barik ibiltzeagaitik jasonikoa, eta…
Karten zer hori alde batera itxita, badaukat, orduan, zapaturako beharrik. Goiza Bermeoko Hermanutan hasi, Mundakako Erreka auzoan bazkaldu, arratsaldean Astrara, eta iluntzerako kontzertuak ikusten barriro be Errekara. Halako plan biribilik, gura izanda be, ezin. Animau, eta parte hartu!