HITZAk Info7rako egindako eguneko kronika (audioa)
Ia erabatekoa ari da izaten gaurko greba orokorraren jarraipena Busturialdean. Eskualdeko herri handienak, Bermeo eta Gernika-Lumo, ia guztiz zarratuta daude.
Bermeon, esaterako, beste deialdi batzuetan baino zabalagoa ari da izaten jarraipena. Oro har, industriagunean “mugimendu gutxi” dabilela azaldu dute sindikatuek. Salica, Serrats eta Wartsila Iberica enpresetan produkzioa geratuta dagoela zehaztu dute, eta Zallo kontserba enpresan, aldi baterako behargin batzuk ez ezik, grebagaz bat egin dutela. Albacora eta industriaguneko gainontzeko enpresak be geratuta daude. Herriguneari dagokionez, ia dena dago zarratuta. Taberna bat, supermerkatu bat eta banketxe bi izan ezik, gainontzeko guztia itxita dagoela zehaztu dute sindikatuek.
Gernika-Lumon, gutxienez bi taberna zabalik daude, baina, aurreko beste deialdi batzuetan ez bezala, supermerkatuek “ireki be ez” dutela egin nabarmendu dute sindikatuek. Banketxeei dagokienez, bizpahiru sukurtsal zabalik egon dira goizean goiz, baina informazio piketeak handik pasatzerakoan ixtea erabaki dute. Industriagunea, bestetik, “guztiz zarratuta” dagoela nabarmendu du Aitziber Barandika Lea-Artibai eta Busturialdeko LABeko arduradunak. Gainera, herriko “enpresa handiena, Losal, itxita dago”. Barandikaren berbetan, “horrek esan gura du gure herria ez dagoela erreformen eta murrizketen alde. Izan be, badago beste eredurik ezartzea Euskal Herrian. Gaurko egunak horren aldeko apustua egiten dugula uzten du agerian”.
Herri bi horietan manifestazioak egin dituzte goizean.
Hemen lan egin, hemen erabaki izan da oihukatutako aldarrikapenetako bat.
Ajangizko Maier S. Coop enpresako beharginen gehiengoak, bestalde, greba egitearen alde egin dute bozketan, baina emaitza ez da loteslea, beraz, behargin batzuk lanean ari dira.
Administrazioari dagokionez, grebagaz bat egin duten Busturialdeko
udalak ondorengoak dira: Bermeo, Mundaka, Sukarrieta, Busturia, Forua, Ajangiz, Errigoiti, Kortezubi, Ea, Elantxobe, Nabarniz eta Gernika-Lumo. Ibarrangelun, aldiz, bulegoetan ari dira beharrean. Muruetan, Muxikan, Morgan, Mendatan, Gautegiz Arteagan, Ereñon eta Arratzun, udaleko langileetako batzuk ari dira beharrean. Hortaz, Busturialdeko hogei udaletatik hamabi daude guztiz zarratuta.
Irakaskuntzan, jarraipena ez da berdintsua izaten ari ikastetxe guztietan. Bermeoko Eleizalde ikastolan, adibidez, zerbitzu minimoak baino ez daude. Institutuko irakasleak beharrera joan dira, baina ikasle gutxi joan dira eskoletara. Nautika eta Arrantzako Lanbide Heziketako Ikastegian be ikaslerik ez dago gaurkoan. Kontrara, Sagrado Corazon ikastetxean normaltasunez ari dira lanean, “irakasleren batek greba” egin duen arren. San Frantzisko ikastetxean “zerbitzu minimoak baino gehiago” daude, eta gela guztietan dituzte ikasleak. Bermeoko haurreskolan, azkenik, hezitzaile denak joan dira lanera, baina ume erdiak baino ez dituzte eskolan.
Gernika-Lumoko Seber Altube ikastolan, Barrutialde institutuan, Gernika BHIn, Allende Salazar ikastetxean eta CEPAn zerbitzu minimoak baino ez daude, baina ikaslerik ez da joan. Barrutia ikastetxeko irakaslegoaren gehiengoak –31tik 22k– grebagaz bat egin dute, eta kasu horretan be ikaslerik ez da egon. Mertzede ikastetxean ikasleen erdia joan da eskolara. San Fidel ikastolari dagokionez, “ikasle batzuk” falta direla esan dute.
Mundakako haurreskolan, Busturiko haurreskolan eta eskolan eta Eako Loradi haurreskolan zerbitzu minimoak baino ez daude martxan. Busturiko eta Eako zentro horietara ez da ikaslerik agertu; Mundakakoan hiru baino ez. Mundakako eskolan bi irakaslek baino ez dute greba egin, gainontzeko hamalauak lanean baitaude. Ikastetxe horretan, ikasleen erdia joan da klasera. Muxikako Urretxindorra ikastetxean, gutxi gorabehera, irakasleen %45k egin du bat grebagaz, eta ikasleen %40 joan da eskolara. Eako Haizeder eskolako irakasle guztiak joan dira beharrera, eta ikasleen erdiak aurkeztu dira. Gautegiz Arteagako Montorre herri ikastetxeko irakasleen %60k egin du greba, eta ikasleen %10a joan da klasera.