Busturialdeko bi gazteren kontrako epaiketa hasiko da gaur Madrilen
2009ko Antzar Egunean Lekeition izandako istiluengatik Busturialdeko bi lagun epaituko dituzte Madrilen, gaur bertan hasiko den epaiketan. Beste bost gazterekin batera epaituko dituzte; horietako hiru Lea-Artibaikoak. Hain zuzen be, bi eta hiru urteko kartzela zigorrak eta 120.000 euroko isuna eskatzen du fiskalak auzipetuentzat.
Bizkaiko Bilduk “izaera erabat politikoa duen epaiketa bat” dela salatu zuen herenegun, Bilboko Batzar Nagusietan emondako prentsaurrekoan. Hala, Bizkaiko zazpi gazteren kontrako epaiketa “eskubide zibil eta politikoen aurkako eraso bat gehiago” dela esan zuen. Era berean, errepresio politikarekin amaitzeko eta Euskal Herrian konponbide demokratiko baten aldeko urratsak emoteko eskatu zuen koalizioak.
2009ko uda ekintza polizialez beteriko uda izan zela adierazi zuten Irune Soto eta Joseba Gezuraga Bilduko bozeramaleek. “Euskal Herriko jai askotan errepresaliatu politikoekiko elkartasuna gogor kolpatua eta erreprimitua izan zen argazkien auziaren ondorioz, eta ehunka euskal herritar atxilotuak, auzipetuak eta epaituak izan dira urte hauetan; eta Lekeitiori be zuzenean ordaintzea tokatu zitazaion”.
Lekeitioko Udalak, bestalde, auzipetuen absoluzioa eskatu eta babesa eskaini die. Gainera, udal ordezkariak madrilgo Auzitegi Nazionalean egingo den epaiketara joango dira, gazteei elkartasuna adierazteko.