Irailaren hamalauan Kurutze Santuaren Gorapena ospatzen da euskaldunon egutegian; alegia, Santakurtze. Udazkena datorrela gogoratzen du egun horrek. Aukera paregabea izaten da bizkaitar askorentzat festa giroan murgiltzeko; izan be, hainbat auzotako jaiak izaten dira santakurtzeak; Busturialdean, esaterako, Ariatzakoak (Muxika) eta Bizkaiganekoak (Errigoiti).
Kanpokoei barik, herrikoei begirako jaiak antolatzen dituzte urtean urtean Ariatzakoek; horrela, auzotarrek ondo pasatzeko aukera izaten dute. Aukera hori aprobetxatuz kalera ateratzen dira auzokoak, eta asteburuan be horixe egin dute; hala, eguenetik domekara bitartean egitarau zabalaz gozatu dute.
Bazkari herrikoian, 50 bat lagun
Besteak beste, Santa Kurtze egunean bertan –barikuan– izandako ekitaldietan parte hartu zuten auzotarrek. Bazkari herrikoia egin zuten, esaterako Ariatzan, eta 50 bat lagun izan ziren bertaratutakoak. Bazkaldu eta apurbatean atsedena hartu ostean, herriko umeek jolasteari ekin zioten, eurentzako prestatutako jokoen bitartez. Helduagoek, bitartean, briska txapelketa jokatu zuten; hain zuzen, 37 bikotek parte hartu zuten. Egunagaz bukatzeko txokolate jana izan zuten.
Auzotarrak izan ziren egunagaz bat egin eta Ariatzara bertaratu zirenak, eta guztien artean giro ona sortzea lortu zuten. Eguenean hasitako jaiek, baina, jarraipena zuten zain. Hala, zapatuan eta domekan be izan zen zegaz gozatu Muxikako auzoan.
Mozorroa soinean, Far West jaiari hasiera emon zioten zapatuan. Eguerdian herriko koadrilak batu eta alkarregaz paella bazkaldu zuten; guztira, 200 bat pertsona bildu ziren. Arratsaldean, zaldi ikuskizunagaz gozatu zuten bertaratutakoek; abilezia probak kupel eta konoen artean, abiadura saioak, errementarien erakusketa eta hainbat joko egin zituzten. Auzoko txikitxoenek, gainera, zaldiaren gainean ibiltzeko aukera be izan zuten. Iluntze alderantz, ostera, jende ugari batu zen Ariatzan, sardinak janean. Eguna musikagaz bukatu zuten; hain zuzen be, Kicking&Alive taldekoen bertsioekin.
Atzo emon zituzten bukatutzat aurtengo Santa Kurtze jaiak Ariatzan, eta, urtero legez, saragiaren hiletagaz egin zuten; Robin Hood izan zen aurtengorako aukeratutako antzezlana.
Artzainen erreferentzia
Artzainen bizimoduan erreferentzia da Santa Kurtze eguna. Maiatzean, ardiak mendira igoteko garaia omen da, eta irailean, ardiak barriro baserrira ekartekoa. Errigoitiko Bizkaigane auzokoek be artzainen eta santakurtzeen arteko lotura horri jarraiki, jaietako egitaraua antolatzen dute. Hala, urtaro, Bizkaiganeko Ardi-Txakur txapelketak hartzen du protagonismoa santakurtzeetan Errigoitin.
Aurten be hutsik egin barik antolatu dute aipatu txapelketa. Atzo egin zuten eta Errigoitiko Xabier Arriaga Txiplas gailendu zen. Bigarren Kepa Ardantzak egin zuen, hirugarren Joseba Ugaldek eta laugarren Azkorbebeitiak.
Txapelketaz gain, bertsolariak, trikitilariak, txalapartariak, alboka-joleak eta dultzaina joleak izan ziren nagusi atzo Bizkaiganen.
