
Misterioa eta abentura aurki dezake irailaren 23ra bitartean Bermeoko antzinako Ormaza (Askatasun bidea) kontserba enpresa bisitatzera doanak. Izan be, uztailaren 27tik Urdaibaiarte On erakusketa hartzen du lantegiak bere hormen barruan. Antzinako fabrika, beraz, arte garaikideko erakustoki bihurtu dute uda honetan. Ateak ixteko egun gutxi falta badira be, erakusketa martitzenetik domekara bitartean bisita daiteke, 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara.
Zabalbegi f:22.6V30’’12800 izenburupean, ikuslearen arreta eta denbora eskatzen du Urdaibai arte On erakusketak. Ez da erakusketa kolektibo hutsa, lan guztiek osotasun kontzeptual bat sortzen baitute. 2012 Euskadi Fundazioak bultzatutako Bake eta Askatasunaren aldeko kulturen urtea egitasmoaren programaren baitan dago erakusketa hori, eta Urdaibaiko Biosfera Erreserban zehar sakabanatuta dagoen Zentzua eta Iraunkortasuna erakusketagaz batera doa proiektua.
Sei artistaren lanak ikusgai

2012 Euskadi Fundazioak antolatutako erakusketan Urdaibaikoak diren edo eskualdean bizi diren, eta, horrenbestez, erakusketaren esparrua “ondo baino hobeto” ezagutzen duten sei artistak osatzen dute: Iñigo Atxa, Ibai Leon, Jon Lanbroa, Rober Garai, Jose Angel Uberuaga Ube eta Aristide Stornelli.
Sei artista horiek bere egin dituzte Ormaza kontserba fabrika izandakoaren zenbait txoko, eta euren artelanak espazioagaz mimetizatu dituzte. Bideoa, margolaritza, eskultura, argazkigintza, collage-a eta serigrafia uztartu dituzte, besteak beste. Artelanak fabrikako lau solairuetan zehar ipini dituzte ikusgai.
Argi zuten erakusketaren lekuak “berezia” behar zuela izan, eta, azaldu zutenez, lehenik eta behin baserri batean pentsatu zuten, baina ondoren lantegiaren aukera sortu zitzaien. Antzinako kontserba fabrikaren espazio gehienak erabili ahal izan dituzte. Izan be, nahiz eta fabrikaren parte bat desagertu den, baldintza onetan dago beste guztia. Jakinarazi dutenez, erakusketa hori ikusteko aukera bakarra Ormazan ikustea da, bertarako eginda dagoelako eta amaitzerakoan ez dutelako beste inora eroango, lanek izaera efimeroa baitute. Hortaz, ikusteko asmoa duenak egun gutxi ditu Ormaza fabrikara hurbiltzeko.

Artistek Busturialdeko ezkutuko historia azaleratu gura izan dute, nolabait. 2012 Euskadi Fundazioko kudeatzaile Pello Gutierrezen esanetan, “bertoko herritarren bizitzan eta izaeran arakatzeko asmoz egin da erakusketa”. Erakusketa horretako komisario Alberto Palomerasek adierazi moduan, “ikuslea esploratzaile bihurtzera gonbidatzen du erakusketak, eta fabrikako espazio guztiak ezagutzera bideratzen du, gainera”.
Giro iluna nagusi
Argiztatzea lekuan lekukoa da Ormaza fabrikan, Palomerak giro iluna bilatu baitu erakusketarako. Haren hitzetan, “esploratzaileen sentipenak biziagotzen” dira horrela.
Pozik dago Palomera Urdaibaiarte On erakusketa izaten ari den erantzunagaz. Izan be, egunean bataz beste 25 bisita izaten dituzte. “Egia da egun batzuetan 60 bisita izan ditugula eta beste batzuetan bi, baina hori da bataz bestea”. Gainera, Bermeotik kanpoko jende asko joan dela aipatu du, “bereziki horretara etorri direnak”. Jakinarazi legez, bermeotarrak baino kanpokoak izan dira gehien animatu direnak.

Nahiz eta erakusketa “nahiko kritikoa den”, erantzuna “oso ona” izaten ari dela azaldu du erakusketaren komisarioak. Artistak eurak be “pozik” daudela esan du. “Ube, adibidez, egunero joaten da erakusketara; izan be, 15 oilo eta oilar bat dira bere erakusketaren parte, eta horiek zaintzen joaten da. Erakusketarako alokatu zituen, eta gazteak baziren be, tarte honetan heldu egin dira eta arrautzak be ipintzen dituzte, erakusketan ikus daitezkeenak”.