Amaia Jauregizarren zutabea: Gogoa eta indarra
“Herioak begiak argi” dino esaereak; izan be, beharrizana egoten dan egoeretan ibilten da adimena zorrotzen edo holan ibili behar leukela esaten dogu, sikeran. Ez dagoan lekutik ezin lei ezer atera, baina apur-apur bat dagoan lekutik zeozertxu ia beti atera ahal izaten da, zeozertxu hori gogoa izaten danean edo zeozertxu horrek gogoa lagun eukiten dauenean, behintzat.
Igazko denporaldia zelakoa izan zan kontuan hartuta, hurrengoan begiak ipintea ikusmena gandutzeko modukoa izango zan hainbat eta hainbat kirol-taldetan. Etxe askotan izan bada, zelan ez da izango, ba, arlo zabalagoetan be? Nik hurren Gernikako saskibaloi-mundua daukat eta pentsau be ez dot egin gura zuzendaritza-taldeak zelako trikimailuak ibili behar izan dituan taldeak, batez be nagusiak, igazko mailari eutsi ahal izateko.
Futbola eta errugbia ezagunak dira gure herrian. Futbola danean da ezaguna; errugbiak garai bateko indarra errekuperau dau Gernikan. Halanda be, ez dakit saskibaloi-taldearen inguruko barriak eta kontuak herriaren munera heltzen ete diran: talde handiena bigarren mailan dago, maila bat baino ez dauka, beraz, gorago eta neskak dira.
Lagun handi bat ibili da taldean ointsura arte. Denporaldi honetan hartuko dau deskantsua lehenengoz, ia hogei urtean jokatzen ibili ostean. Urte aberatsa, baina gogorra izan da igazkoa taldearentzat. Antzekoa izatearen itxurea dauka aurtongoak be. Baten batek atzean behar handia barik dirua dagoala esango dau beharbada, baina dirua egoteko behar egin behar da eta aspaldion sekula baino gehiago, ganera.
Pentsetan dot beste kirol-taldeen egoerea be antzekoa izango dala. Ez dot uste arraunean Urdaibaikoak, berbarako, diruz ganezka dabilzanik, baina umil eta gogotsu behar eginda, Kontxan polito be polito ibili dira. Bihar etxean, Bermeon, dago hitzordua, eurena eta inguruko askorena. Urdaibaikoak aitatu dodaz, baina zeresanik bez maila horretatik beherako taldeen ganean: puntan dabilzanak estu eta larri badagoz, puntan ez dabilzanen egoerea latzagoa izango da seguru.
Apur-apur bat dagoan lekutik zeozertxu ateratea posible da gogoari eusten jakon egoeretan: bai kirol-munduan; bai mundu horretatik kanpora. Dana dala, krisi madarikatu honen arriskurik handiena jentearen gogoetara heltzea da, gogoa makal badago, indarra eukitea alperrik da-eta.