Portu Zuzendaritzak hartu du Bermeoko kirol portuaren kudeaketa
Espainiako Auzitegi Gorenak Euskadiko Kirol Portuak (EKP) sozietate publikoa Bermeoko kirol portuaren erabiltzaileei sobera kobratutako dirua itzultzera zigortu izanak ondorioak eragin ditu Portu Zarraren kudeaketan. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak baieztatu duenez, epaiaren ondoren EKP gestio horretatik alboratu dute, Portu Zuzendaritzak hartuz kudeaketa. 2006an hartu zuen EKPk Bermeoko portuaren gestioa, ingurua birgaitu eta Eusko Jaurlaritzak kirol portua sortu zuenean. Orduan, baina, Bizkaiko beste portuetako erabiltzaileek ordaintzen zutena baino %40 gehiago kobratzen zitzaiela kritikatu zuten Portu Zarreko erabiltzaileek. «Gainontzeko portuetako bazkideek jaurlaritzak zuzenean ezarritako prezioak ordaintzen zituzten, tasa publikoen legeak ezarritakoa». Bada, prezioak «gehiegizkoak» zirela iritzita, hainbat izan ziren Portu Zarreko erabiltzaileek ipinitako helegiteak. EKPk kobratzen zituen prezioen «legezkotasun eza» salatzeaz gain, sinatutako alokairurako kontratuak baliogabetzea eskatu zuen Portu Zarra elkarteak. Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia emon zion Portu Zarra elkarteari 2009an, EKPk igorritako likidazioak, sinatutako kontratuak eta fakturak eta ezarritako prezioak baliogabetzen zituen sententzia emanez. Epaiak jaurlaritza behartzen zuen zenbatekoa gehi interesak ordaintzera, baina, bere sozietate publikoaren diru sarrerak zirenak itzultzea ezin zaitzaiola eskatu argudiatuta, Espainiako Auzitegi Gorenera jo zuen. Epaiaren berrespena Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiaren sententzia hura berretsi egin du aurten Espainiako Auzitegi Gorenak. «Eraginkortasun edo bizkortasun handiagoa izango zutelakoan, Bermeoko kirol portua kudeatzeko [...]
Espainiako Auzitegi Gorenak Euskadiko Kirol Portuak (EKP) sozietate publikoa Bermeoko kirol portuaren erabiltzaileei sobera kobratutako dirua itzultzera zigortu izanak ondorioak eragin ditu Portu Zarraren kudeaketan. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak baieztatu duenez, epaiaren ondoren EKP gestio horretatik alboratu dute, Portu Zuzendaritzak hartuz kudeaketa.
2006an hartu zuen EKPk Bermeoko portuaren gestioa, ingurua birgaitu eta Eusko Jaurlaritzak kirol portua sortu zuenean. Orduan, baina, Bizkaiko beste portuetako erabiltzaileek ordaintzen zutena baino %40 gehiago kobratzen zitzaiela kritikatu zuten Portu Zarreko erabiltzaileek. «Gainontzeko portuetako bazkideek jaurlaritzak zuzenean ezarritako prezioak ordaintzen zituzten, tasa publikoen legeak ezarritakoa».
Bada, prezioak «gehiegizkoak» zirela iritzita, hainbat izan ziren Portu Zarreko erabiltzaileek ipinitako helegiteak. EKPk kobratzen zituen prezioen «legezkotasun eza» salatzeaz gain, sinatutako alokairurako kontratuak baliogabetzea eskatu zuen Portu Zarra elkarteak.
Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia emon zion Portu Zarra elkarteari 2009an, EKPk igorritako likidazioak, sinatutako kontratuak eta fakturak eta ezarritako prezioak baliogabetzen zituen sententzia emanez. Epaiak jaurlaritza behartzen zuen zenbatekoa gehi interesak ordaintzera, baina, bere sozietate publikoaren diru sarrerak zirenak itzultzea ezin zaitzaiola eskatu argudiatuta, Espainiako Auzitegi Gorenera jo zuen.
Epaiaren berrespena
Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiaren sententzia hura berretsi egin du aurten Espainiako Auzitegi Gorenak. «Eraginkortasun edo bizkortasun handiagoa izango zutelakoan, Bermeoko kirol portua kudeatzeko sozietate publiko bat erabili dute, eta hori aitzakia, legezkoak direnak baino tasa handiagoak kobratu dituzte. Kudeaketak, aldiz, Eusko Jaurlaritzarena behar» lukeela dio sententziak, besteak beste. Eta horretara dator EKP gestiotik alboratu izana.
Alabaina, sententzia ez da guztiz bete, jaurlaritzak ez baitie sobera kobratutako dirua Bermeoko portuko bazkideei itzuli. Bada, Portu Zarra elkartearen abokatuak jakinarazi duenez, aste honetan epaia bete ezean, jaurlaritzak sententzia betearazi dezan eskatzeko idatzi bat egitea ari dira aztertzen.