Goieaskoetxea preso dagoen espetxearen jarrera salatuko dute Frantzian
Frantziako Villefranche sur Saoneko espetxeko «baldintza txarrak» salatzera joango dira bertara Euskal Herriko hainbat herritar, datorren asteburuan. Horretarako, Herrira euskal presoen aldeko mugimenduak autobusa jarri du.
Balmasedatik aterako da autobusa hilaren 21ean, eta buelta 22an egingo dute. Busturialdekoek, gainera, ez dute Balmasedaraino joan beharko; izan be, Zornotzan batuko ditu autobusak bertoko herritarrak. Hilaren 16a izango dute bertokoek autobusean izena emoteko azken eguna; Arrano tabernan edota arronategi@gmail.com helbidera mezua bidalita egin ahal izango dute.
«Baldintza txarrak»
Bertara heltzean elkarretaratzea eta prentsaurrekoa egingo dituzte espetxearen aurrean, bertan euskal preso politikoek pairatzen dituzten «baldintza txarrak» salatzeko; izan be, Herrirak salatu duenez, «Villefranche sur Saoneko espetxea presoak zigortzeko eta ahultzeko helburua duen presondegia da Frantziar estatuan». Besteak beste, espetxe legeak ezarritako puntu ugari ez dituztela errespetatzen eta presoen eskubideak egunero urratu egiten dituztela salatu du Herrirak. Era berean, funtzionarioen «jarrera autoritarioak, faxistak eta arrazistak» egoera okertu egiten duela gaineratu du.
Goieaskoetxearen egoera
Espetxe horretan dute preso Ibon Goieaskoetxea busturiarra, eta behin baino gehiagotan salatu dute harek bizi duen egoera. Etxerat euskal errepresaliatu politikoen senide eta lagunen elkarteak, esaterako, Villefranche sur Saone espetxeko funtzionarioek Ibon Goieaskoetxea, Ruben Ribero eta Julen Mujika «bortizki jipoitu» zituztela salatu zuen uztailean.
Elkartearen arabera, espetxe horretako funtzionarioek presoekiko duten jarrera «oso gogorra» da; bereziki, euskal preso politikoen kasuan. Izan be, «tentsio handiko uneak bizi dituzte Villefranchen».
Halaber, bisitekin be arazoak izan ohi dituztela salatu zuen orduko hartan Etxeratek. Hain zuzen be, elkarteak aipatu legez, «funtzionarioek bisitak debekatuko dituztela esanez mehatxatzen zituzten presoak».