‘Barrura begiratzeko leihoak’ filma ikertuko du Espainiako Auzitegi Nazionalak
Espainiako Auzitegi Nazionalaren jomugan dago Barrura begiratzeko leihoak filma, dokumentalaren kopia bat eskatu baitio Zinez ekoiztetxeari. Joan den astelehenean filmaren emanaldi pribatuak egin zituzten Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, eta hori...
Espainiako Auzitegi Nazionalaren jomugan dago Barrura begiratzeko leihoak filma, dokumentalaren kopia bat eskatu baitio Zinez ekoiztetxeari.
Joan den astelehenean filmaren emanaldi pribatuak egin zituzten Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, eta horiek eragotzi nahi izan zituen Espainiako Gobernuaren ordezkari Carlos Urkijok; batetik, Auzitegi Nazionalari egindako salaketaren bitartez, eta, bestetik, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateari Viktoria Eugenia antzokia filmaren emanaldirako ez uzteko eskatuz. Horrelakorik lortu ez, eta herenegun Espainiako Auzitegi Nazionalari eskatu zion ikerketa hasteko, filmaren emanaldia «delitua» izan daitekeen ebazteko.
Prentsa ohar bidez azaldutakoaren arabera, Urkijoren ustez, litekeena da emanaldi horiek «terrorismoaren biktimen babeserako legeak urratzea». Donostiako Udala ere delitu baten egile izan daitekeela uste du Urkijok, Zinez ekoiztetxeari antzokia alokairuan uzteagatik filmaren emanaldirako.
Dokumentala boikotatzeko saioak gora behera, Barrura begiratzeko leihoak filmaren lehen emanaldiek arrakasta izan dute. Bost zuzendariren obraren atzean dagoen lana eta kalitatea azpimarratu dute ikus-entzuleek. Zuzendarietako bat Txaber Larreategi eatarra da. HITZAri egindako adierazpenetan, dokumentala ez dela gatazkaren argazki objektibo bat esan du Larreategik. “Guk presoaren inguruan hitz egiten dugu. Elkar ulertu nahi badugu, elkar ezagutu behar dugu, eta hori da eransten duena”. Halaber, “ikusi beharrekoa” dela nabarmendu du eatarrak. “Herritarrei aukera hori emon nahi diegu, gero euren iritzia emon dezaten”.