Eskualdeko errugbi zaleek itxaroten zuten eguna heldu da: Bizkaia Gernika Rugby taldeak ligako lehenengo partida jokatuko du etzi, 17:00etatik aurrera. Ligari hasiera edarra emoteko, gainera, basurdeek derbi bati egin beharko diote aurre, Hernaniren kontra jokatuko baitute. Gernikarrek abenduaren 9an jokatu beharko lukete Hernaniren (Gipuzkoa) kontra, baina data horietan Amlin Cup Europa mailako txapelketa jokatu behar dutenez, gainontzeko taldeek baino astebete lehenago hasiko dute Liga. Jorge Gimenez taldeko entrenatzaileak azaldu duenez, partida gogorra izango da zapatukoa, Hernanik talde sendoa baitu. Azaldu duenez, liga hasieran ezustekoak egoten dira beti, eta, horrenbestez, «errespetu handiagaz» egingo diote aurre lehenengo partidari. Hernani igo berria izan arren, entrenatzailea ez da fidatzen, eta «partida ona» jokatu beharko dutela deritzo. Ligako lehenengo partida irabazteko basurdeek etxeko zaleen babesa izango dute, Urbietako zelaian jokatuko baitute. Gimenezen berbetan, liga etxean hastea «abantaila» bat da, baina ez da erabakiorra. Izan be, Ohorezko Mailan edozein taldek emon dezake ezustekoa etxetik kanpo. Entrenatzaile argentinarraren ustez, Hernaniko taldea zelaia estutzen ahaleginduko da, eta basurdeek kontrakoa egin beharko dute norgehiagoka irabazteko. «Zabal-zabalik jokatu behar dugu, baloia azkar mugituz», nabarmendu du. Hala eginez gero, irabazteko aukera asko izango dituztela deritzo. Jokalariak: Iñigo Urrutia (1. lerroa) Unai Lasa (1. lerroa) Fernando Iraizoz (1. lerroa) Svein Atxikallende (1. [...]
Kontxako banderaren lehenengo jardunaldian itxura edarra emon ostean, Urdaibaiko arraunlariak denboraldiko garaikurrik garrantzitsuena irabazteko borrokatuko dira Donostiako badian (Gipuzkoa). Bermeotarrek ia lau segundoko aldeagatik galdu zuten lehenengo jardunadian, eta, horrenbestez, Kaiku menperatu beharko dute bandera etxera eroateko. Juan Mari Etxabe Urdaibaiko entrenatzaileak azaldu duenez, «zaila izango da Kaikuri aurrea hartzea, baina ez da ezinezkoa». Hala, domekan ahalegin betean egingo dute arraunean. Entrenatzailearen ustez, mutilak «sasoiko» daude eta, joan den asteburuko lehenengo jardunaldiaren ostean, «moralez gainezka». Hala, arraunean ondo eginez gero, Kontxa irabazteko aukera izango dutela deritzo. Etxabek azaldu duenez, egunotan «alde psikologikoa» lantzen ibili dira batez be, garrantzitsuena kontzentrazioa mantentzea eta oinak lurrean izatea baita. «Arraunlariek irabazteko gaitasuna dutela ikusi dute, baina ezin gara fidatu, Kaikuk talde oso indartsua baitu». Sestaoko taldeak maila oso ona emon du denboraldi guztian zehar, eta bermeotarren entrenatzailearentzat Kaiku izango da faborito nagusia domekako bigarren jardunaldian. Dioenez, Kaikuk «presio gehiago» izango du, eta presio hori baliatu gura dute bermeotarrek Kontxako bandera etxera eroateko. Hala, Kaikuri jaia izorratzen ahaleginduko direla dio. Etxaberen ustez, abantaila bat izango dute, lehenengo jardunaldiagaz alderatuz gero: Kaikuren txanda berean egingo dute arraunean, eta aurkari zuzenak ondoan izatea onuragarria izango dela deritzo. Eguraldiari dagokionez, bestalde, lehentasunik ez duela adierazi du entrenatzaile gipuzkoarrak. [...]