1936az geroztik bonbardatutako Bizkaiko 37 udalerri Bizkaitar Argi izendatu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak; horien artean, Ajangiz, Errigoiti, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Markina-Xemein eta Munitibar. Horien izenean saria hartu zuten Durangoko alkate Aitziber Irigorasek eta Gernika-Lumoko EAJko zinegotzi Maria Uribek atzo, aldundiaren jauregian. Sariaren bitartez, gerrako bonbardaketen biktima zibilek pairatutako «mina eta hondamendia» gogoan hartu gura izan dituzte, «horrelako gertaera gaitzesgarriak berriz gerta ez daitezen». Atzoko ekitaldian «memoria bizirik mantentzeko eta Bizkaian milaka biktima errugabe utzi zituen gerraren izugarrikerien belaunaldi arteko transmisioa bultzatzeko» dei egin zuen Bizkaiko Ahaldun Nagusi Jose Luis Bilbaok.