Bermeoko Udalak Busturialdeko Ur Partzuergoan (BUP) sartzeko erabakia onartu du gaur goizeko osoko bilkuran. Eusko Alderdi Jeltzaleko (EAJ) zinegotziek, aldiz, kontrako botoa emon diote erabakiari. Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek atzo esan legez, «etorkizunari begira ura eta saneamenduaren kudeaketarako pauso garrantzitsu bat emoten ari gara». Aukerarik onena udal gobernuaren arabera, kudeaketa hori beste herri batzuekin batera egitea da eta horretarako bi aukera zeudela nabarmendu du Bidegurenek: Busturialdeko Ur Partzuergoa edota Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa. «Biek eskaintzen zituzten baldintza ekonomikoak aztertu ondoren, BUPen sartzea erabaki dugu, aukera egokiena delako», adierazi du. Kudeaketa kontrolatzea Bermeoko alkateak nabarmendu duen moduan, «Busturialdeko Ur Patzuergoak, azken finean, Bermeoko Udalari bere eskuduntza den uraren kudeaketa kontrolatzea bermatuko dio, Bermeok Patzuergo horretan ordezkaritza garrantzitsua izango baitu, eta herriaren tamaina kontuan hartuta, erabaki gaitasuna be garrantzitsua izango delako». Horrela izanik, udalak ur zerbitzu «on» bat emotea bermatuko duela jakinarazi dute. Bestalde, erabakia «eskualdearen aldeko apustua» be badela esan dute. «Bermeo Busturialdearen parte da eta hemen egotea aukerarik logikoena da». 6 hileko trantsizio fasea Lehenengo sei hilabeteak trantsizio fasea izango direla azaldu dute, hau da, udalak orain arte moduan kudeatuko du ura. «Hilabete hauetan bata bestearengandik ikasi beharko dugu, guk orain arte egin dugun moduan egin beharko dute horiek be, [...]