Bihar hasiko da Urdaibaiko Organoak 2012, Jose Mari Eguileor izeneko kontzertu zikloa, Busturiko Axpe auzoko Andra Mari elizan. Beste urte batez, eskualdeko elizetan dauden organoen musikaz gozatzeko aukera izango du herritarrak datozen egun eta asteetan.
Aurten, guztira, sei kontzertu jasoko ditu musika zikloak. Hain zuzen be, bihartik abuztuaren 14ra arte izango dira kontzertuak eskualdeko bost herritako elizetan. Aurtengoa, kontzertu zikloa antolatzen duten bederatzigarren aldia izango da.
Urtero bezala, Europako zenbait estatutatik etorritako musikariak ikusteko aukera izango dute eskualdeko biztanleek; hain zuzen be, Alemaniako, Italiako eta Euskal Herriko musikariek parte hartuko dute zikloan, besteak beste.
Ondare kultural berezia
Eskualdean «ondare kuktural berezia» dagoela azaldu du Benantzi Bilbao Urdaibaiko Organoak zikloaren zuzendariak. Horrez gain, «organoak zaindu» egin behar direla dio; dena den, «jo ezean hondatu» egiten direla gaineratu du. Hori dela eta, organoak berrizten be badabiltza. Dagoeneko, eskualdeko bost organo berriztu dituzte zazpi urtean; azkena, Mundakako Andra Mari elizan dagoen organoa.