Izaro uhartearen ipar-ekialderantz dauden mugak Bermeorenak direla gogorarazten du urtero Madalen egunak. XVII. mendetik datorren tradizioari eutsiz, Izaro uhartera hurbildu ziren domekan, irlaren goikaldean ikurriña eta Bermeoko bandera jartzeko. Horrez gain, Bermeoren jabegoa adierazteko «honaino heltzen dira Bermeoko ituginak» esanez, Idurre Bideguren Bermeoko alkateak teila bota zuen uretara. 11:00etan hasi zuten eguna bermeotarrek. Santa Eufemia elizan meza entzun ostean itsasontzietara abiatu ziren txistularien kalejirarekin. Tradizio handiko jaia izanik, Madalen eguna «berezia» eta «hunkigarria» dela nabarmendu zuen Bermeoko alkateak itsasontzira igo baino lehen. Nahiz eta haren bigarren urtea izan, «apur bat urduri» zegoela aipatu zuen, gainera. Izan be, aurtongo Madalen egunak berritasun nagusi bat izan du: itsasontzi tradizional bakarrean joan beharrean aisialdirako hiru ontzi txikitan joan baitira. «Horrela, tradizioa mantentzen dugu baina baliabideetan asko aurreztuta», esan zuen. Hainbat ontziren laguntza Halanda be, ez dira izan hiru ontzi bakarrik Izaro irlara hurbildu direnak, herritarrez betetako hainbat ontzik lagundu baitiote udalbatzari. Teila bota ondoren, Elantxobera abiatu ziren. Bertan, Koldo Olagibel Elantxobeko alkateak Bidegurenei emon zion herriko aginte makila, Mundakako alkate Unai Rementeria lekuko zutela. Alkartasuna Dantza Taldekoek egin zioten ohorezko aurreskua eta ondoren dantzaldia hasi zen herriko plazan. Arratsaldean, Elantxobetik bueltan Mundakan egin zuten geldialdia eta Bermeora bueltatu ziren. Sirena hotzarekin sartu ziren [...]
Izaro uhartearen ipar-ekialderantz dauden mugak Bermeorenak direla gogorarazten du urtero Madalen egunak. XVII. mendetik datorren tradizioari eutsiz, Izaro uhartera hurbildu ziren domekan, irlaren goikaldean ikurriña eta Bermeoko bandera jartzeko. Horrez gain, Bermeoren jabegoa adierazteko «honaino heltzen dira Bermeoko ituginak» esanez, Idurre Bideguren Bermeoko alkateak teila bota zuen uretara.
11:00etan hasi zuten eguna bermeotarrek. Santa Eufemia elizan meza entzun ostean itsasontzietara abiatu ziren txistularien kalejirarekin. Tradizio handiko jaia izanik, Madalen eguna «berezia» eta «hunkigarria» dela nabarmendu zuen Bermeoko alkateak itsasontzira igo baino lehen. Nahiz eta haren bigarren urtea izan, «apur bat urduri» zegoela aipatu zuen, gainera. Izan be, aurtongo Madalen egunak berritasun nagusi bat izan du: itsasontzi tradizional bakarrean joan beharrean aisialdirako hiru ontzi txikitan joan baitira. «Horrela, tradizioa mantentzen dugu baina baliabideetan asko aurreztuta», esan zuen.
Hainbat ontziren laguntza
Halanda be, ez dira izan hiru ontzi bakarrik Izaro irlara hurbildu direnak, herritarrez betetako hainbat ontzik lagundu baitiote udalbatzari.
Teila bota ondoren, Elantxobera abiatu ziren. Bertan, Koldo Olagibel Elantxobeko alkateak Bidegurenei emon zion herriko aginte makila, Mundakako alkate Unai Rementeria lekuko zutela. Alkartasuna Dantza Taldekoek egin zioten ohorezko aurreskua eta ondoren dantzaldia hasi zen herriko plazan.
Arratsaldean, Elantxobetik bueltan Mundakan egin zuten geldialdia eta Bermeora bueltatu ziren. Sirena hotzarekin sartu ziren portura eta hainbat herritar zeuden bertan horien zain.
Ontziak sartzerakoan Herrirak preso politikoak izan zituen gogoan eta hainbat izan ziren Bermeoko zerua hartu zuten globo urdinak.
Portutik kalejiran joan ziren Goiko Plazaraino eta han giro ezin hobea sortu zen aurreskuak dantzan.
76 paella Taelladien
Zapatuan, barriz, Bermioko Erdu Txo! Gazte Asanbladak antolatuta Taelladie izan zen Talan. 76 paella aurkeztu zituzten, eta horrez gain, olinpiadak, karaokea…izan ziren gazteek antolatuta.
Baztarren be ez zen jai girorik falta izan zapatuan. Goizean hasi eta gauera arte hainbat jarduera izan zituzten bertan; jokoak, txokolatada, kontzertuak…