Alex Zubiaren zutabea: Datoak, panfletoak eta ametsak
Egunotan Gernikako kaleetan LAB sindikatuak ipinitako kartel handi batzuk ikusi ditut. Bertan eskualdearen egoera sozioekonomikoaz ari da, eta aspaldi honetan izandako lanpostuen galera salatzen du. Ez ditut aurrean datuok, baina, beste gauza batzuen artean, 2.008. urtean eskualdeko langabezia tasa %6,2tik aurtengo hasieran %12,53 izatera igo dela. Ez da igoera makala gero!
Baina datuek, estadistikak bezala, bere egiaren barruan gezurra ere badaroate mozorroturik. Lan egin nahi eta ezin dagoen pertsona bakoitzaren egoera drama bat da, drama pertsonalak eta drama sozialak.
Ez dut uste eskualdeko egoera hori denik. Gure drama soziala hori baino askoz larriagoa da zinez. Hau da, eskualdean %87,47 lan egiten du emandako datuen arabera. Lan egin, egingo du, baina %87,47ak eskualdean lan egiten du? Horietariko askok eta askok eskualdetik kanpo egiten duzue lan; hori da errealitatea. Ez dakit LABek horren inguruko datuak lortzerik badu, ez da erreza izango. Argazki errealago bat emango zuen eskualdeari buruz, eta argazki errealen premian gaude.
Bitartean, gure etxeko postakutxan panfleto bat jaso dugu. Bi aldetan dago banatuta, batean egurra eta bestean txaloak. Egurraren aldean udaletxearen kudeaketa jartzen du eta hor bakoitzak duen iritzia izango du. Txaloen aldean puntu bat lotu dut aurreko puntuarekin. Ontzat jotzen du Autzaganeren moldaketa, horrek lana eta aberastasuna sortuko duelakoan. Eta bai, lana sortuko du tunela egiten egiten ari den artean. Seguruenik lana sortuko du FCC, Dragados y Construcciones edo honelako beste enpresa edo UTE handiren langileentzat, eta aberastasuna entrepresa horien jabeentzat.
Eta guretzat, guretzat bide on bat eskualdetik kanpo lanera arinago joan ahal izateko.
Ametsekin amaitu nahi dut, izenburuari kasu eginez. Eta amesten dut egunen batean, uste dut ibili bagabiltzala horreta edo ibili nahi dugu, eguneroko bizimoduan era logikoago batean jokatuko dugula. Amesten dut egunen batean erabakiak umeek hartuko dituztela, beraiek ez dituztelako egiten hainbeste kalkulu ekonomiko, politiko… Horregatik galdetzen digute sarritan «zergatik?». Beraiek logikarekin bizi dira eta ez da logikoa jatekoa kanpotik ekartzea, lana egiten kanpora joatea, batzuk bizi ahal izateko beste batzuk zapaltzea, natura etsaitzat hartzea, aurpegia beti ilun izatea…