San Martin erreka berreskuratu dute eta pasealeku barri batez goza daiteke
Bermeoko San Martin erreka berreskuratu dute eta proiektu horrek, gainera, Bermeoko Udaleko Ingurumen sailetik adierazi duten moduan, auzo horretako ingurukoei pasealeku barri batez gozatzeko aukera eskeintzen die. «Egurrezko hesi bat ipini da erreka ertzean oinezkoei bakarrik bidea emoteko», esan dute. Bermeoko Udalak egindako proposamen baten bitartez, Eusko Jaurlaritzako Ur Agentziak garatutako proiektu baten bidez egin da Landabaso Industrialdea zeharkatzen duen San Martin errekaren berreskurapena. Lanok joan den urtarrilean hasi dira eta oraintsu amaitu dituzte. Ingurumen saileko arduradunek gogorarazi dutenez, 80. hamarkadan, Landabaso Industrialdea eraiki zenean, erditik zeharkatzen zuen San Martin erreka bideratu egin zuten, «zementuzko geruza batekin estali zen, 400 metroko luzeran, errekaren ertzei egonkortasuna emon asmoz. Modu horretan, ordura arte erreka txiki bat zena kanal artifizial bat izatera pasatu zen», azaldu dute. Naturaren lana Halanda be, urteak pasa ahala, naturak bere lana egin duela jakinarazi dute, eta harek egindako lanaren eraginez, errekaren ertzetan erreka-baso ederra sortu zela adierazi dute «balio handiko haltzadi bat, hain zuzen be». Hori gertatu zenean, aurrerago ipinitako zementua erreka-basoaren zabaltzerako «oztopo handia» bihurtu zela esan dute, «Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren eremuan, erreka ertzak babesgune bereziak dira. Horregatik funtsezkoa da bere balio ekologikoa babestea». Bestalde, Ingurumen sailetik azaldu legez, «zementu estalkia oso irristakorra da eta errekak malda [...]
Bermeoko San Martin erreka berreskuratu dute eta proiektu horrek, gainera, Bermeoko Udaleko Ingurumen sailetik adierazi duten moduan, auzo horretako ingurukoei pasealeku barri batez gozatzeko aukera eskeintzen die. «Egurrezko hesi bat ipini da erreka ertzean oinezkoei bakarrik bidea emoteko», esan dute.
Bermeoko Udalak egindako proposamen baten bitartez, Eusko Jaurlaritzako Ur Agentziak garatutako proiektu baten bidez egin da Landabaso Industrialdea zeharkatzen duen San Martin errekaren berreskurapena. Lanok joan den urtarrilean hasi dira eta oraintsu amaitu dituzte.
Ingurumen saileko arduradunek gogorarazi dutenez, 80. hamarkadan, Landabaso Industrialdea eraiki zenean, erditik zeharkatzen zuen San Martin erreka bideratu egin zuten, «zementuzko geruza batekin estali zen, 400 metroko luzeran, errekaren ertzei egonkortasuna emon asmoz. Modu horretan, ordura arte erreka txiki bat zena kanal artifizial bat izatera pasatu zen», azaldu dute.
Naturaren lana
Halanda be, urteak pasa ahala, naturak bere lana egin duela jakinarazi dute, eta harek egindako lanaren eraginez, errekaren ertzetan erreka-baso ederra sortu zela adierazi dute «balio handiko haltzadi bat, hain zuzen be». Hori gertatu zenean, aurrerago ipinitako zementua erreka-basoaren zabaltzerako «oztopo handia» bihurtu zela esan dute, «Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren eremuan, erreka ertzak babesgune bereziak dira. Horregatik funtsezkoa da bere balio ekologikoa babestea».
Bestalde, Ingurumen sailetik azaldu legez, «zementu estalkia oso irristakorra da eta errekak malda handia du. Orduan, urak abiadura handia hartzen du eta arriskutsua bihurtzen da handik behera». Arrazoi horiek medio, Bermeoko Udala Ur Agentziarekin ipini zen harremanetan berreskurapen proiektuaren proposamena egiteko. Ur Agentziak proposamena aztertu zuen eta aurrera egin zuten, gainera. Dagoeneko proiektu hori amaiera emon diote.
Boluntarioen laguntza
Berreskurapen proiektuko lanak egin aurretik, Udalak ingurumeneko boluntarioen jardunaldi bat antolatu zuen EDE fundazioaren laguntzarekin errekaren garbiketa orokorra egiteko. Jardunaldi horretan errekan zeuden hainbat obra eta industria hondakin atera zituztela azaldu dute. Behin horiek kanpoan egonda, Ur Agentziako eta Bermeoko Udaleko teknikariek, Joserra Díez Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ekologia irakaslearen laguntzarekin, inguruaren ikusketa sakona egin zuten eta zementu azpiko materialak be aztertu zituzten berreskurapen lanak finkatzeko.
Ondorioz, hainbat erabaki hartu zituzten. Alde batetik, zementuzko estalki osoa kentzea erabaki zuten, hori bai, inguruneari eta bertoko zuhaitzei ahalik eta kate gutxien sortuta. Bestetik, ur-jauzietan eukaliptozko enborrak gurutzatzea eta harrobiko harriak ipini dituzte uraren abiadura moteltzeko eta putzu naturalak sortzeko. Era berean, Udaletik adierazi duten moduan, «ertzetan belarra eta bertoko arbolak landatu dira errekaren egoera naturala hoetzeko eta itxura estetikoa apaintzeko be».